Protesta sozialak ez direla delitua baina Zubietako erraustegia bai oihukatuz, 2018ko irailean errausketaren zero gunera eginiko martxan parte hartu zuten zenbait lagunen aurkako epaiketa salatu dute elkarretaratze bidez ostegun goiz honetan, Donostiako Egiako auzitegi atarian. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu du hitzordua, martxalariei babesa adierazi eta aipatu moduan, protesta soziala ezin dela kriminalizatu salatzeko.
"Guk argi dugu: erraustegirik ez!" zioten kartelak eskutan, auzitegi atarian mobilizatu dira lehenik, eta aurreko plazatxoan zirkulua osatuz ibilian aritu dira gero. Etengabekoak izan dira erraustegiaren aurkako oihuak, baita protestatzea ez dela delitua, delitua erraustegia bera dela ziotenak.
Martxan parte hartzeagatik
Abenduaren 4an abiatu zuten, 2018ko irailean Zubietako errausketaren zero gunera, erraustegiaren aurka antolatu zen martxan parte hartu zuten lau lagunen aurkako epaiketa. Mendi martxa hartan parte hartu zuten ia 2.000 lagunen aurka oldartu zen Ertzaintza egun hartan. Indarra baliatuz, guztionak diren mendi bidetik bota zituzten modu baketsuan mobilizatzen ari ziren martxalariak; tartean zaurituak izan ziren. Eta Ertzaintzak salaketa aurkeztu zuen auziperatuak dauden lau lagunon aurka. Salaketa hartatik dator duela hilabete hasitako epaiketa.