Zubietako erraustegia

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua: "Jendea beldurtu nahi dute, protestatzeari uzteko"

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 9a, 10:53

2018ko irailean Zubietako errausketaren zero gunera eginiko martxan parte hartu zuten zenbait manifestari epaituta, jendea beldurtu eta protestatzeari uztea sustatu nahi dutela adierazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, gaur Donostiako auzitegi atarian deitu duen mobilizazio amaieran salatu duenez. Erraustegia ofizialki pizteko eguna gerturatzen doan honetan, datozen deialdiei adi egoteko mezua zabaldu dute.

Erraustegiaren aurkako martxa hura antolatu izana edota desordena publikoak egotzita epaitu dituzte ostegun honetan eta joan den abenduaren 4an, 2018ko iraila amaieran 2.000 lagunek Zubietako errausketaren zero gunera egin zuten martxako bost manifestari.

Haiei babesa adierazi eta protestatzea delitua ez dela salatzeko mobilizazioak egin ditu epaiketa egunetan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Azkena ostegun goiz honetan, urtarrilaren 9an, Donostiako Egiako auzitegi atarian.

Amaieran, mugimenduko ordezkariek azaldu dutenez, erraustegiaren aurkako martxan parte hartu izanagatik isunak jasotzeko arriskua dute epaituak izan diren manifestariek. "Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik baloratzen genuen salto berri bat zela hau erraustegiaren aurkako borrokan. Orain piztear dauden honetan, jendea beldurtu nahi dute, jada behingoz protestatzeari uzteko". Argi adierazi dute, "mugimendutik baloratzen genuen elkar lagundu behar garela eta ez dela inor bakarrik utzi behar".

Urte amaieran Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren asanbladan iragarri zutenez, martxoaren 3an jarri nahi dute martxan erraustegia eta eremu horretako gainerako azpiegiturak. Egun horri begira, hurrengo asteetan mugimendua izango dela iragarri dute gaur. Datozen deialdiei adi egotea eskatu dute.

ERRAUSKETAREN AURKAKO MUGIMENDUAK MARTXALARIEN EPAIKETAREN HARIRA ABENDUAREN 4AN KALERATURIKO OHARRA
Iazko irailean erraustegira egin genuen martxan parte hartu zutela egotzita lau pertsona epaitegira deitu dituzte Ertzaintzaren salaketaren ondorioz. Ia 2.000 lagunek parte hartu genuen protesta harekin desordena publikoak eragin izanaren erantzule gisa ikertuak direla esan diete. Zubietarrak dira bi, lasartearra bat eta donostiarra azkena. Gure elkartasun osoa beraiekiko eta mespretxu osoa, klima aldaketaren aurka daudela esan arren, Gipuzkoako gune kutsatzailerik handiena izango dena inposatzeko egin ahalak eta bi egiten ari diren EAJ eta PSEko agintariekiko.

Egun hartan Ertzaintzak biolentzia erabili zuen era baketsuan protestan ari ginen herritarren aurka, eta erraustegien aurka mundu osoko 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak ere Ertzaintzaren bortizkeria salatu zuen. Orain, epaiketa hau jauzi kualitatiboa da, erraustegiarekin loturiko aktibismo soziala epaitegietara eraman nahi dutelako lehen aldiz (ez dugu ahazten erraustegiaren proiektua gelditu zuten arduradun politikoen aurkako epaiketak sustatu izan dituztela, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurka mafia baten gisa jokatuz).

Errausketaren Aurkako Mugimendua osatzen dugun herritarrok epaiketa honetatik ondorioztatzen dugu Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak errausketaren aurka gauden herritarrok beldurtu nahi gaituztela. Protesta sozial erabat zilegia kriminalizatzeko saiakera da eta laster piztekoak diren eta frogekin dagoeneko ingurunea kutsatzen hasi den erraustegiaren aurkako protestetan jendeak ez parte hartzea bilatzen dute. Argi esango diegu ba: Ez dute lortuko, ez gaituzte kikilduko.

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua gizartearen aurrean konprometitzen da, azken 16 urteetan bezala, ez-biolentziaren eremuan, borrokan eta ereduen talka eragiten jarraitzera. Herritarrok geure burua defendatzen jarraituko dugu.

Urteak dira erabat demostratuta geratu dela, Gipuzkoako herri gehienetara begiratuz, hondakinen bereizketa modu eraginkorrean eginez gero, munstro toxiko hau ez dugula behar. Eta nahiz eta gaur egungo agintariak tematuko diren esaten “hondakinen arazoa” konpondu dutela, herritarrok sentitzen duguna guztiz kontrakoa da: orain bai daukagu arazo bat, eta larria gainera; hurrengo belaunaldiei eta inguruan bizi diren milaka eta milaka herritarrei modu larrian eragiten diena.

Etsita eta etxean nahi gaituzten arren, protestan jarraituko dugu. Horregatik, lehenik eta behin epaitegira deitu dituzten lagunei elkartasuna adierazteko kontzentrazio urgenteak deitzen ditugu Donostian, Egiako epaitegiaren aurrean:

Abenduaren 4an, asteazkena: 11:00etan.
Urtarrilaren 9an, osteguna: 10:30ean.

Protesta sozialen aurkako epaiketen gainetik, guk argi dugu: Erraustegirik ez!
Zatoz eta babes dezagun elkar.