Noiznahi ikusten ari gara azken asteotan erraustegia kea dariola. Egunotan ere hala jarraituko omen du eta entzun ere entzungo omen dugu, naiz.eus atariak berri eman duenez. Ofizialki ehuneko ehunean martxan jarri aurretik beste probaldi bat egitera doa Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa Zubietako erraustegian; ur-lurruneko zirkuituan.
Gogoan izango duzue, abendu hasieran ere antzeko proba bat egin zuten. Xurgatzaileek ateratzen duten antzeko soinua entzun zen joan den hilabeteko lehen hamabostaldian. GHK-k orduko hartan adierazi zuenez, 100 dezibeletara heldu zitekeen zarata. Oraingo honetan aipatu zirkuituan egin asmo duten probaldia zaratatsuagoa izan daiteke, zirkuitua beraren garbiketa eta probaldia azpiegiturako bi lineetan aldi berean egingo delako.
8 egunez
Zaratarekin batera, erraustegitik ur-lurruna isurtzen ikusiko omen dugu datozen egunotan. Probaldia bihar bertan (urtarrilak 10) hasiko dute eta 8 egunez luzatzekoak dira. GHK-k argitu duenez, erraustegia guztiz martxan egotean, hondakinen errausteak ura lurrunean bilakatuko omen du eta horrek argindarra sorraraziko duen generadorearen turbina mugiaraziko omen du.
Biharko probaldia hasi aurretik kea dariola ikusi dugu erraustegia; azkenekoz asteazken honetan bertan, urtarrilaren 8an, goiz partean.