Sare sozialen bidez adi egoteko deia zabaldu du GuraSOSek asteburuan. “Hurrengo egunetan albiste garrantzitsuak datoz”, iragarri dute. Albisteon nondik norakoen berri ematen hasia da GuraSOS. Erraustegia erraz ez dutela martxan jarriko diote, Twitter nahiz Facebook bidez zabaldu duten oharrean: "Adi egon! Hurrengo egunetan albiste garrantzitsuak datoz... Aurreratu dezakeguna: ez dute erraza izango erraustegian martxan jartzea".
Ur-lurrun zirkuituaren bigarren probaldia
Noiznahi ikusten ari gara azken asteotan erraustegia kea dariola. Egunotan ere hala jarraituko omen du eta entzun ere entzungo omen dugu. Ofizialki ehuneko ehunean martxan jarri aurretik beste probaldi bat egitera doa Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa Zubietako erraustegian; ur-lurruneko zirkuituan.
Gogoan izango duzue, abendu hasieran ere antzeko proba bat egin zuten. Xurgatzaileek ateratzen duten antzeko soinua entzun zen joan den hilabeteko lehen hamabostaldian. GHK-k orduko hartan adierazi zuenez, 100 dezibeletara heldu zitekeen zarata. Oraingo honetan aipatu zirkuituan egin asmo duten probaldia zaratatsuagoa izan daiteke, zirkuitua beraren garbiketa eta probaldia azpiegiturako bi lineetan aldi berean egingo delako.
8 egunez
Zaratarekin batera, erraustegitik ur-lurruna isurtzen ikusiko omen dugu datozen egunotan. Probaldia iragan ostiralean (urtarrilak 10) hastekoa zuten eta 8 egunez luzatzekoak dira. GHK-k argitu duenez, erraustegia guztiz martxan egotean, hondakinen errausteak ura lurrunean bilakatuko omen du eta horrek argindarra sorraraziko duen generadorearen turbina mugiaraziko omen du.