Zubietako erraustegia

Donostiako PSE-ren egoitza aurrean mobilizatzeko deia egin du ostegunerako, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak

"Errausketarik ez! Sua ez piztu", aldarriaren bueltan protestatzeko deia egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, ostegunerako (urtarrilak 23) 19:00etan Donostiako PSE-ren egoitza aurreko Bilbo plazan deitu duen elkarretaratzean.

"Etxean triste eta besoak gurutzatuta nahi gaituzte, baina protesta ekimenek ez dute etenik", iragarri du astearte goiz honetan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Azken asteotan, 2018ko irailean errausketaren zero gunera antolaturiko martxaren harira epaitu dituzten Zubieta, Lasarte eta Donostiako lau lagunei auzitegi atarian mobilizazio ezberdinen bidez babesa adierazi ostean, protestarako deia egin dute orain.

Ostegun honetarako (hilak 23) elkarretaratzea deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak arratsaldeko 19:00etan Donostian, PSE-ren egoitza atariko Bilbo plazan. Sua ez pizteko eskaeraren bueltan finkatu duten hitzorduan parte hartzeko gonbita luzatu dute. "Sua ez piztu! Animatu eta gonbidatu ingurukoak!". 

"Protestatzea ez da delitua, erraustegia bai"
2018ko irailean erraustegiaren aurkako martxa antolatu izana edota desordena publikoak egotzita epaitu dituzte azken hilabetean, 2018ko iraila amaieran 2.000 lagunek Zubietako errausketaren zero gunera egin zuten martxako bost manifestari.

Haiei babesa adierazi eta protestatzea delitua ez dela salatzeko mobilizazioak egin ditu epaiketa egunetan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. 

Mugimenduko ordezkariek azaldu zutenez, erraustegiaren aurkako martxan parte hartu izanagatik isunak jasotzeko arriskua dute epaituak izan diren manifestariek. "Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik baloratzen genuen salto berri bat zela hau erraustegiaren aurkako borrokan. Orain piztear dauden honetan, jendea beldurtu nahi dute, jada behingoz protestatzeari uzteko". Argi adierazi dute, "mugimendutik baloratzen genuen elkar lagundu behar garela eta ez dela inor bakarrik utzi behar".

Urte amaieran Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren asanbladan iragarri zutenez, martxoaren 3an jarri nahi dute martxan erraustegia eta eremu horretako gainerako azpiegiturak. Egun horri begira, hurrengo asteetan mugimendua izango dela iragarri eta datozen deialdiei adi egotea eskatu zuten.