"Hemen gaude Donostiako, Usurbilgo eta Zubietako jende desberdinda, ekarri nahi izan dugu PSEren egoitza aurrera beraiek oparitzen diguten kearen zati bat. Ikusi dezatela, proba dezatela beraiek esaten duten bezain ona den erraustegiaren kea", adierazi zuten Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek, bart Donostiako PSEren egoitza atarian egin zuten elkarretaratzean.
Erraustegia ez pizteko eta bertara hondakinik erretzera ez eramateko eskakizunak nagusitu ziren, Jose Ignacio Asensio foru ingurumen diputatuari eta PSOEri zuzendurikoekin batera. Errausketak klima aldaketan sakontzen duela, eta erraustegirik ez Zubietan ez inon oihukatu zuten sozialisten egoitza atarian, kea zerion erraustegi simulatu batekin batera.
Greba orokorrarekin bat eginik
Itxuraz, martxoaren 3an ofizialki piztu dezaketen erraustegia geratzeko datozen deialdiei adi egoteko gonbita luzatu zuten. Tartean, lan, pentsio eta bizi duinen alde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deitu duen greba orokorrean parte hartzera deitu zuten. Greba orokorrarekin bat egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak:
GREBA OROKORRAREKIN BAT EGITEN DUGU BIZITZA DUINAREN ALDE
Ohar honekin jakinarazi nahi dugu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere bat egiten dugula urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herrian deituta dagoen greba orokorraren deialdiarekin.
Gure ustez oso argia da egoera. Erraustegiak eta gainerako azpiegitura erraldoiak egiteko milioiak eta milioiak xahutzeko inolako lotsarik ez duten agintari politiko horiek esaten digute ez dagoela dirurik herritarren bizitza duinagoa egiten duten neurri sozialetarako, besteren artean, pentsioetarako. Esaten digute klima aldaketaren aurka daudela, baina bitartean azpiegitura kutsatzaileak eraikitzen jarraitzen dute. Esaten dute ekonomia zirkularraren alde daudela, baina bitartean hondakinak erretzea inposatzen digute. Esaten dute herritarron interesak defendatzen dituztela, baina bitartean Gipuzkoako udalerriak behartu dituzte 35 urtetarako zorpetzera, hondakinen kudeaketa pribatizatu eta multinazional bati urtean eman beharko diogun dirua lehentasunezkoa izatea. Esaten dute herritarron bizitza defendatzen dutela, baina argi ikusi da hori ez dela horrela protesta baketsuei eraso egiten dieten bitartean, edo ez dezagun ahaztu, ustelkeria zantzu izugarriak dituen operazio hau itxi zutenean, angulak jatera joan ziren Markel Olano eta enparauak, diru publikoarekin bankako handi-mandiak gonbidatuz eta hau jakin zenean harropuzkeriaz “ongi egina” erantzuteraino.
Oso gordina da egoera herritarrontzat eta oso lotsagabea da Gipuzkoan (eta Hego Euskal Herrian oro har) agintean dauden alderdien jokabidea. Horregatik, eta arrazoi gehiagogatik, bat egiten dugu greba orokorrarekin eta herritar oro animatu nahi dugu gauza bera egitera.
Herritarrak animatu nahi ditugu greba batzordeetan parte hartzera, egun horretan greba egitera eta U30ean, Donostian egingo den Gipuzkoa mailako manifestaziora deitzen dugu. Han izango gara bizitzaren aldeko eta erraustegiaren aurkako gure aldarriekin, gaiak erabat loturik ikusten baititugu.
Ustelak lurpera, bizitza da handiena.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua