MATRIKULAZIO GARAIA

Zubietako Eskola: “Eskola txikien sena bermatzen jarraitu behar dugu”

Lehen Hezkuntza osoa eskaintzeko aukera izaten hasi zirenetik, urte urte ikasturte berri bat martxan jartzen doaz Zubietako Eskolan. Aurten bosgarrena abiatu dute estreinakoz, eta datorrenean seigarrena jarriko dute abian. “Eskola izugarri handitzen doa” adierazi dio lerrootan NOAUA!ri zuzendari Iugatz Illarramendik. Baina argi dute, LH osoa eraikitzen ari diren honetan, “eskola txikien sena bermatzen jarraitu behar dugu”.

 

NOAUA! Matrikulazio kanpaina abian da. Zein da zuen ikastetxeak umeei eta gurasoei egiten dien eskaintza?

Iugatz Illarramendi: Eskola txikiaren senak bere gain duena da hasteko adin aniztasuna. Espazio amankomun asko dituzte lanerako eta jolaserako. Ikasleek elkarri asko dute aportatzeko, elkarreragin hori eguneroko lanean eta hartuemanetan antzematen da. Horrek elkarbizitzari izugarrizko mesedea egiten dio. Irteeraren bat egiten dugunean, naturalki sortzen zaie ikasleei elkar zaintzea. Bestetik, ingurune natural eta sozialarekin harreman zuzena dugu. Eskola oso bizia da ditugun harremanak oso estuak direlako. Proiektuka lan egiten dugu. Aurreko proiektua mendiak ziren, orain elikagaiak. Guraso edo senideak hemen daude sarritan, proiektu hauei lotutako esperientzia edo bizipenak partekatzen. Komunitateak aportatzen digun guztia gureganatuz eskola biziagoa da.

 

Zuen ikastetxera lehen aldiz hurbildu behar duten gurasoei zer aholkatuko zenieke?

Eskolako proiektuan, metodologian eta profesionalengan konfiantza izatea. Sinesten dugun proiektuan lan egiten dugu. Familia batek matrikulazioa bideratzen duenean edozein eskoletan, lehenbizi ezagutu dezala proiektua eta benetan proiektuarekin bat egiten badu orduan matrikulatu daitezela.

 

Zer nolako hezkuntza proiektua garatzen duzue zuen ikastetxean?

Ez dugu testu liburuekin lan egiten, ikasleekin hitzartzen ditugu gaiak eta horiek konpententziak lantzen laguntzen digute. Edukia helburu ditugun konpetentziak lantzeko bitartekoa da. Une oro ikasleen interesetatik abiatzen gara. Ikasle talde bat motibatua bada jarrai dezake, beste ikasle talde bati beste zerbait eskaini behar bazaio, asteartero biltzen gara irakasle taldea berrantolatzeko. Askotan nahasten da proiektuka lan egitea ikasleak nahi duena egitearekin. Ikasleak, eskolara garatzera eta lanera datoz.

 

“Oso lan talde kohesionatua dugu”

NOAUA! Etorkizunari begira, zeintzuk dira zuen ikastetxeak dituen erronka nagusiak?

Iugatz Illarramendi: Eskola izugarri handitzen doa. Duela 5 urte 30 ikasle inguru zituen, egun 64. Hurrengo ikasturtean 76 bat izan daitezke. Irakasle taldea ere bikoiztu da urteotan. Kopuruz igo dira haurrak eta familien aniztasuna ere izugarri handitu da. Dagoeneko ez da landa eremuko ikasleak jasotzen dituen eskola bat, usurbildar edota lasartearrak ditugu baita. Aberastasun handiagoa dugu eta horri erantzun bat eman behar zaio kopuru, aniztasun edota elkarbizitzaren ikuspuntutik. Erronketako bat, zuzendaritza taldeak oso argi duguna da eskola txikien sena bermatzen jarraitu behar dugula. Zuzendaritza talde berriari egokitu zaigu eskola oso bat eraikitzen hastea, hezkuntza eskaintza LH osora zabaltzeko aukera izan genuenetik. Aurten lehenbiziko aldiz 5. maila abiatu dugu, datorrenean seigarrena jarriko dugu martxan. Izugarrizko erronka da, Lehen Hezkuntza eraikitzen ari gara, liburutegia hornitzen, 2. mailara arteko materiala genuen lehen, orain 6. mailara artekoa izango dugu. Lehen Hezkuntza eraikitzen amaituta, hurrengo urteetan sendotu eta egonkortu beharko dugu. Erronka handia da, ilusioa ere bai. Egiteko moduak aldatzen eta etengabe egoera berrietara egokitzen goaz. Guretik asko jartzen ari gara, guretik asko duen eskola bat da. Oso lan talde kohesionatua dugu. Esker ona baino ez dut maila berriotako lehen promozioko ikasle eta gurasoek, aurrekaririk ez duen lehen promozioa izanik, eskolan jarraituta gurekiko erakusten ari diren konfiantzagatik.

 

Zer nolakoa da gurasoekiko harremana?

Txikitasunak asko errazten du ikasle eta familiekiko zuzeneko hartuemana izatea, naturarekiko kontaktua, komunitatearekiko hartuemana.

 

 

Informazio gehiago:

943 372 931

012219aa@hezkuntza.net / zubieta@eskolatxikiak.org

www.zubieta.eskolatxikiak.org