Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Duin bizitzeko, Errausketaren Aurkako Mugimenduak bat egin du greba orokorrarekin

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 29a, 08:42

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere bat egin du osteguneko lan, pentsio eta bizi duinen aldeko greba orokorrarekin. Herritarrak ere grebarekin bat egin eta mobilizatzera deitu dituzte, modu berezian Donostian egingo den manifestaziora. "Han izango gara bizitzaren aldeko eta erraustegiaren aurkako gure aldarriekin, gaiak erabat loturik ikusten baititugu".

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako hamarnaka eragileek ostegunerako, urtarrilaren 30erako deitua duten greba orokorrarekin bat egitea erabaki du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, "gure ustez egoera oso argia da". Egoera argia eta "oso gordina" herritarrontzat. Lotsagabetzat jotzen dute Gipuzkoan agintean direnen alderdien jokabidea. "Erraustegiak eta gainerako azpiegitura erraldoiak egiteko milioiak eta milioiak xahutzeko inolako lotsarik ez duten agintari politiko horiek esaten digute ez dagoela dirurik herritarren bizitza duinagoa egiten duten neurri sozialetarako, besteren artean, pentsioetarako", adierazi du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.

Hemen erraustuez.org atarian zintzilikatu duten oharra bere osotasunean:

GREBA OROKORRAREKIN BAT EGITEN DUGU BIZITZA DUINAREN ALDE
Ohar honekin jakinarazi nahi dugu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere bat egiten dugula urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herrian deituta dagoen greba orokorraren deialdiarekin.

Gure ustez oso argia da egoera. Erraustegiak eta gainerako azpiegitura erraldoiak egiteko milioiak eta milioiak xahutzeko inolako lotsarik ez duten agintari politiko horiek esaten digute ez dagoela dirurik herritarren bizitza duinagoa egiten duten neurri sozialetarako, besteren artean, pentsioetarako. Esaten digute klima aldaketaren aurka daudela, baina bitartean azpiegitura kutsatzaileak eraikitzen jarraitzen dute. Esaten dute ekonomia zirkularraren alde daudela, baina bitartean hondakinak erretzea inposatzen digute. Esaten dute herritarron interesak defendatzen dituztela, baina bitartean Gipuzkoako udalerriak behartu dituzte 35 urtetarako zorpetzera, hondakinen kudeaketa pribatizatu eta multinazional bati urtean eman beharko diogun dirua lehentasunezkoa izatea. Esaten dute herritarron bizitza defendatzen dutela, baina argi ikusi da hori ez dela horrela protesta baketsuei eraso egiten dieten bitartean, edo ez dezagun ahaztu, ustelkeria zantzu izugarriak dituen operazio hau itxi zutenean, angulak jatera joan ziren Markel Olano eta enparauak, diru publikoarekin bankako handi-mandiak gonbidatuz eta hau jakin zenean harropuzkeriaz “ongi egina” erantzuteraino.

Oso gordina da egoera herritarrontzat eta oso lotsagabea da Gipuzkoan (eta Hego Euskal Herrian oro har) agintean dauden alderdien jokabidea. Horregatik, eta arrazoi gehiagogatik, bat egiten dugu greba orokorrarekin eta herritar oro animatu nahi dugu gauza bera egitera.

Herritarrak animatu nahi ditugu greba batzordeetan parte hartzera, egun horretan greba egitera eta U30ean, Donostian egingo den Gipuzkoa mailako manifestaziora deitzen dugu. Han izango gara bizitzaren aldeko eta erraustegiaren aurkako gure aldarriekin, gaiak erabat loturik ikusten baititugu.

Ustelak lurpera, bizitza da handiena.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua