"Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez betetzeak Zubietako erraustegiaren proiektua erreka jotzera eraman dezake", ohartarazi du, erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak.
Aipatu ingurumen baimena ez betetzeagatik Zubietako erraustegia geratzeko eskaria egina dio GuraSOSek Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzari. Ebazpena jasotzekotan dira. "IBB iraungita dago eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak datozen egunotan hala aitortuko duela" espero du GuraSOSek.
Iraungiak dauden baimenak
Denboran atzera egin du GuraSOSek plazaratu duen salaketa argitzeko. Erraustegiaren probaldi fasea luzatzen ari den arren, izatez, iazko apirilaren 24an hasi eta abenduaren 9an amaitu behar zuen GuraSOSen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak apirilaren 23an ebazpena kaleratu ostetik, gehienez 7 hilabete eta erdiko tartea finkatu baitzen horretarako. "Horrenbestez, Ingurumen Baimen Bateratua eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungiak daude".
Enpresa eraikitzaileek osaturiko "Ekohondakin" esleipendun taldeak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari probaldi fasea etetea eskatzea galdegiten zion iazko irailaren 29an "edo bestela, proiektua haizea hartzera zihoan Ingurumen Baimen Bateratua iraungitzeagatik".
Horregatik dio GuraSOSek, jada Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak aipatu bi baimen eta adierazpena baliogabetu beharko lituzkeela, iraungita daudelako eta "hortik eratorriko lirateke erraustegia abian jartzeko ezintasuna eta ustiapen kontratua hutsaltzea".
GHK-k esandakoa "dobleki faltsua"
"Ondorio horiek saihesteko", GuraSOSek azaldu duenez, "Urbaser kontzesiodunari obeditu zion eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari probaldia eteteko eskatu zion" GHK-k. Urriaren 17an kaleraturiko ebazpenarekin, "probak egiteko epearen aldi bateko etetea" ebatzi zuen Ingurumen Sailburuordetzak. Ebazpen horrek honela dio: "2019ko urriaren 2an igorritako idatziaren bitartez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aditzera eman du energia-horniduran arazoak daudela -2019ko ekainaren 11tik hornidura elektrikorik gabe daude transformagailu nagusiaren lehen energizazio fasean gertaturiko akats baten ondorioz- TMB eta PVEren instalazioen ekipoei egoztekoak ez direnak, eta probak beroan hastea eragoztea dietenak (...) eta probaldiaren aldi baterako etendura eskatzen dute arazo horiek konpondu eta konponduak daudela egiaztatzen duten proba teknikoak egin arte".
Ebazpen horretan GHK-k esandakoa "dobleki da faltsua" GuraSOSentzat. "GHKk bazekien hornidura elektrikoaren arazoa etendura eskaria baino lehenago konpondu zela, hala aitortzen baitio kontzesiodunak irailaren 27ko eskarian. Garai hartarako energizazio prozesua jada osoa zen, eta hala egiaztatzen duten proba teknikoak eginak ziren. Zehazki, TÜV Rheinland-eko aditu bat irailaren 14an heldu zen instalazioetara, eta gomendio batzuk proposatu zituen, irailaren 20an gauzatu zirenak".
Faltsutzat jotzen dute GuraSOSetik, hornidura akatsa instalazioetako ekipoei ez egoztea. Baina arazoa erraustegiaren erdigunean kokaturiko transformagailu nagusian gertatu zela ziurtatu du GuraSOSek. "Honek guztiak aditzera ematen du gezur horrekin kontzesiodunaren epeen ez-betetzea zuritu nahi zutela". Bestela, GuraSOSen esanetan, "penalizazioak ordaindu beharrean izango zelako hura".
"Itxurazko etenaldia"
GuraSOSek salatu duenez, Ingurumen Sailburuordetzak urriaren 17an erabakitako probaldiaren etenaldia bertan behera utzi zuen azaroaren 26ko ebazpenarekin. GHK-k arazoak konpondu direla adierazten du baina "berriz ere gezurra esan" ziola salatzen du GuraSOSek, "zeren hori jada gertatzen zen etendura eskatu zuenean".
Laburbilduz, Jaurlaritzak ebatzitako Zubietako erraustegiko probaldi faseko lanen etenaldia "itxurazkoa baino ez zela" izan dio GuraSOSek.
GuraSOSek eskaerak
Egoera honen aurrean, Ingurumen Baimen Bateratuaren iraungitzea adierazi dezala eskatzen dio Ingurumen Sailari, probaldi fasea behin behinean etetea "iraungitze espedientea izapidetu arte", eta "espedientea irekitzeko GHKri adierazitako faltsukeriengatik". Horrekin batera, larritzat jotzen duten arazo honen inguruko jarraipena egitea galdegiten dio Eusko Legebiltzarrari.