Ekainaren 11n Zubietako erraustegian izandako istripu baten berri zehatza eman du GuraSOSek. Istripu hitza baliatu du guraso taldeak gertaera hura deskribatzerakoan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak berak agiri bidez guraso taldeari hala aitortu baitio: istripua gertatu zela Zubietako erraustegian, langileak bazkaltzen ari ziren artean.
Gertaera hari buruz, gerora GHK-k "matxura" edo "arazoren" bat egon dela onartu izan du publikoki, baina "istripua" jazo zela ukatuta beti. Aldiz, GHK-k GuraSOSek gertaera honi buruz eskatutako argibideen aurrean jasotako erantzunean "onartzen da ofizialki lehenbiziko aldiz "istripu" bat gertatu zela, nahiz eta erantzunak saihesten duen transformadorearen leherketaz hitz egitea. Era berean baieztatzen da "tiro" bat gertatu zela eta "distiraldi" bat, eta aitortzen da transformagailuaren estaldurak kalteak izan zituela".
Baimenik gabe eraikia eta martxan
GuraSOSek gaur ohartarazi duenez, GHK-k "istripua zein legez kontrako zirkunstantzia larrietan gertatu zen" ezkutatzen jarraitzen du. Baina haratago joan da guraso taldea. Eskuartean dituen datuen arabera, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren beharrezko baimenik gabe eraiki eta martxan jarri zuten aipatu transformadorea. GuraSOSek zehaztu duenez, ekainean matxuratutako transformadorean eraikuntza abuztuaren 13an onartu zuen Industria Sailak. "Baina ordurako eraikia ez ezik, klandestinoki probatua ere bazegoen delako emaitza malapartatu horrekin", GuraSOSen esanetan.
GuraSOSek GHKri gertaturikoa jendarteari ezkutatu eta "irregulartasun larri horiek gorabehera, GHKk ez du diziplina-neurririk hartu" salatu du.
Eskandalagarritzat jo eta gaur plazaratu dituzten gertaerak ez dira bakarrak, gehiagoren berri ematekoak dira hurrengo asterako iragarri duen agerraldian.