Argi zioen GuraSOSen agerraldian zehar hitza hartu duen ametako batek, Lide Arriagak. "Gure eta batez ere gure seme-alaben osasunarengatik kezkatuak gaudelako gatoz hona, hau dena jakin eta gero, iruzur eta eskandalu hauen guztien aurrean esatera ez dugula onartuko Zubietako erraustegia baldintza hauetan martxan jartzea".
Arriskutsutzat jo duen jarduera izango dela gogorarazita, argi utzi nahi izan dute, "badakigu osasunarentzako kaltegarria dela eta gure seme-alaben osasuna bermatzearen arduradunak gu gara". GuraSOSek plazaratu dituen datuen aurrean Arriagak adierazi duenez, "agintariei eta auzitegiei neurriak hartzeko eskatzen diegu. Eskandalu honen guztiaren aurrean neurriak har ditzaketen auzitegiak badaude eta politikariei eskatzen diegu gai hauek politikoki lantzeko beraien agendetan". Azken deia herritarrentzat. "Mugitu egin behar garela bai edo bai, ezin diegula gainetik pasatzen utzi eta gutxiago gure txiki hauen gainetik", ohartarazi du Lidek.
"Kontuz, ama naiz!"
Kanpaina berri bat plazaratzeko baliatu du GuraSOSek asteazken goiz honetako agerraldia. Azken egunotan sare sozialen bidez iragartzen joan diren "Kontuz, ama naiz!" ekimena. Hiru ardatz nagusi izango ditu GuraSOSek zehaztu duenez. Mobilizazioen bidea jorratuko du, arlo juridikoan eta diplomazian lan egingo du. "Guretzat beti adostasuna izango da lehenetsi beharreko bidea. Gatazka hau hitz eginez konpondu behar da eta gu bide hori irekitzen saiatuko gara", gogorarazi du Joseba Belaustegik.
Erraustegia kaltegarria ez dela guztiz bermatu arte eta "haren funtzionamenduaren gaineko kontrol demokratikoa egon arte", erraustegia piztera eragoztera dator "Kontuz, ama naiz!" kanpaina. Datozen asteetan ekimen juridiko berriak emango dituela ezagutzera iragarri du GuraSOSek. Bide batez, gogorarazi du ebazteke daudela baita lehendik abiarazitako beste zenbati ekimen juridiko; batetik, EAEko Auzitegi Nagusian Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) aurka irekitako administrazioarekiko auzia. "Kausa horretan 2016an gertaturiko IBB-aren bigarren iraungitze kausa ebatzi behar da", zehaztu du GuraSOSek. Epaia hilabeteotan emango da ezagutzera. Bestalde, "ebatzi gabe dago oraindik GuraSOSek Europako Batzordean jarritako kexa, izapidetzeko onartu zena".
"Zero tolerentzia"
Herritarrentzat GuraSOSetik azken mezua; "hau onartezina da. Herritarrok altxa eta aski dela esateko garaia da". Gizarteari, ustelkeriarekiko eta ingurumenaren hondamendiarekiko "zero tolerantzia" mezua plazaratzera deitu du GuraSOSek. Eskuartean duguna, 35 urterako osasun, ingurumen, ekonomia eta politika arloko arazo handi bat da. Premiazkotzat jotzen du GuraSOSek guztion artean irtenbide adostu, bidezkoa eta demokratikoa ematea gatazka honi, "berme eta kontrol demokratikoan oinarritua".
Gaur agerian utzi duen bezala, "bakarrik familia batzuen lana ari da azaleratzen egia eskandalagarria. Baina ezin da onartu gizarte demokratiko batek gehiegikeria hauek zuzentzeko tresnarik ez izatea, eta haiek desestaltzeko lana kaltetuen esku esperientziagabeen gain uztea". Auzitegiei, Legebiltzarrari eta Batzar Nagusiei dagozkien neurriak hartzea eskatu die GuraSOSek.