Lehenbizi hemen, GHK-ren asanbladari GuraSOSek eginiko deialdia. "Eragindako udal eta Mankomunitateei eta Ministerio Fiskalari, behar diren ekintzak abiaraz ditzaten, hartaraz guztiz legez kontrakoak diren jarduketak kontrol demokratikotik kanpo gelditzea saihestearren, eta era berean, denon diru-kutxa defenda dezagun. Bistan dago legezkotasunaren eta diru-kutxa publikoaren defendatzaile bihurtu garela. Lan hori ez dagokigu berariaz. Baina garbi daukagu GHK-k kontzesiodunari helarazitako mezua "egizu nahi duzuna babestuko zaitugu eta" oso arriskutsua dela, eta jasanezina gure seme-alaben segurtasun eta osasunerako. Eta horretan bai, GuraSOS aurrez aurre izango dute".
Otsailaren 29ko manifestazioarekin bat eginik
Bide administratiboa eta judiziala jorratzeko ekimen ezberdinak iragarri ditu GuraSOSek, baina argi utzi nahi izan du, jendartea eta kaleko mobilizazioak "nahitaezkoak direla". Horregatik, Larreko Mahaiak otsailaren 29rako "osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!" aldarripean, Zubietako erraustegia geratzeko Donostian deitu duen manifestazioarekin bat egin du guraso taldeak. Larreko Mahaia bilguneko kidea da GuraSOS. "Gu bertan izango gara beste eragile sozial asko bezala, bertan behera uzteko erraustegia, behin eta berriz azaldu ditugun arrazoi hauengatik".