"Marra gorri guztiak gainditu dituzte", salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimendak sare sozialen bidez. Kezka handiz eta haserre hartu ditu aipatu herri mugimenduak bart Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleraturiko CSIC-en laginen emaitzak. "Eibar, Ermua, Zaldibar eta inguruetan dioxina eta furano mailak onartutakoa baino 40-50 aldiz handiagoak direla azaldu du Jaurlaritzak", Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren esanetan. Baina ez da aski aipatu mugimenduarentzat. "Jaurlaritzari exijitzen diogu egin dituen ikerketen emaitza osoak eta datu guztiak gardentasunez publiko egitera berehala. Halako momentuetan egia osoa jakiteko eskubidea dugu", nabarmendu dute.
Onartezintzat jo dute, "urteetako kudeaketa ustelaren ondorioz, gutxi batzuen negozioagatik, herritarren osasuna arriskuan jartzea". Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko arduradunen berehalako dimisioa eskatu dute; sailburu Iñaki Arriolarena eta Sailburuorde Elena Morenorena.
Elkartasuna adierazi diete Zaldibarko zabortegiak kaltetutako herritarrei. "Ez zaudete bakarrik", adierazi die Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Elkartasun mezu berezia helarazi diete desagertuak segitzen duten langileen hurbilekoei. "Besarkada erraldoia Joaquin eta Albertoren senideei, baita inguruetako herritar guztiei ere. Ez etsi, irabaziko dugu".
Gaurko mobilizazioan parte hartzeko deia
Larunbat arratsalde honetarako "Zaldibar, argitu orain!" aldarripean egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu dute. "Kalean erantzutea oso garrantzitsua da. Euskal Herri osoa deitzen dugu #ZaldibarArgitu manifestaziora. Gure protestetan erabili ohi ditugun mila maskarilla eramango ditugu jendearentzat", iragarri dute.
Gogoan izan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak larrialdi klimatikoari aurre egiteko sortutako Larreko Mahaiko kidea dela beste hainbat eragile ekologista, sindikal eta sozialekin batera. Amaña-Eibar tren geltokitik 17:00etan abiatuko den zutabearekin bat egitera deitu dute.