Badirudi honenbestez, Zubietako erraustegia guztiz martxan jartzeko aurreikusia zuten epea ez dela beteko beste behin. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egunotan berri eman duenez, "instalazioa martxoaren amaierarako guztiz abian egotea aurreikusi dute". Nahiz labeak piztuta diren jada. Kontsortzioak zehaztu duenez, egun, errauste plantak "errekuntza-probekin jarraitzen du, eta berriki ekin dio errausketa lineen etengabeko funtzionamenduari".
Horrez gain, zepak tratatzeko planta ere lanean jarria dute. "Hasia da jasotzen balorizazio energetikoko plantaren (erraustegiaren) errekuntza-probetatik datozen lehen hondakin solidoak, eta lehen tratamendu prozesuak hasi ditu. Ekoitzitako zepak birziklatuko ditu instalazioak, eta haiek agregakin birziklatu bihurtuko ditu, obra publikoan erabiltzeko", berri eman du GHK-k. Erraustegia jasatearen truke, "urtean 160.000 MWh sortuko dituela aurreikusten da, 45.000 etxe eta 130.000 pertsona inguru energia elektrikoz hornitzeko adina", GHK-ren esanetan.
Hondakinen tratamendu "seguru, moderno eta jasangarria"
Usurbil aldetik sarritan kea dariola ikusten dugun tximinia handiena Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) plantarena da. "Errefusa balorizazio energetikoko plantara (erraustegira) bidali aurretik, bere edukieraren % 80an funtzionatzen ari da dagoeneko", zehaztu du GHK-k.
Datuok "Consorci dels Residus del Vallès Oriental" erakundeak erraustegia eta Zubietako gaineko beste azpiegiturak ezagutzeko eginiko bisitaldiaren harira plazaratu ditu Kontsortzioak. Zaldibarko zabortegiko hondamendia gertatu eta astebetera egin zuten bisita erraustegira, otsailaren 13an hain zuzen. Egun horretan bertan, bisitaldiaren amaieran, GHK-ren lehendakari eta foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok garrantzitsutzat jo zuen Gipuzkoako hondakinak modu "seguru, moderno eta jasangarrian" kudeatzea ahalbidetuko duten azpiegiturak izatea.