La Polla Recordsen agur jaialdia eta Donostia Festibala Zubietako hipodromoan irailean

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 19a, 08:06

Iaz Zubietako hipodromoan ospaturiko Donostia Festibala. Argazkiaren egilea: Donostia Festibala.

Bi kontzertu astebururen eskenatokia izango da Zubietako hipodromoa iraileko bigarren hamabostaldian; kontzertuz jositako 10. Donostia Festibala ospatuko da bertan irailaren 18an eta 19an. Hilaren 26an, taldea behin betiko desegin aurreko kontzertua eskainiko du La Polla Records-ek hilabeteotan egiten ari den biraren baitan, beste hainbat artista gonbidaturekin batera.

Udako zaldi lasterketei kontzertu asteburuek hartuko diete lekukoa Zubietako hipodromoan. Iraileko bigarren hamabostaldia musikaz blai dator bertara. 

La Polla Records taldearen agurreko kontzertua
Taldea behin betiko desegin aurretik "Ni descanso, ni paz!" izeneko nazioarteko bira eskaintzen ari da La Polla Records talde ezaguna. Bira horren baitan, Zubietako hipodromoan eskainiko du kontzertua irailaren 26an (arratsaldeko 17:30etan irekiko dituzte ateak). Ostegun honetan bertan, otsailaren 20an goizeko 10:00etan saltzen hastekoak dira kontzerturako txartelak. Aipatu taldearen kontzertura hainbat artista gonbidatu dituzte: El Drogas, Su Ta Gar, Lendakaris Muertos eta Liher. 6 ordutik gorako rock eta punk jaialdia iragarri dute antolatzaileek, aipatu taldearen agur jaialdian. Esteka honetan duzue informazio gehiago eta sarreren salmentaren berri: https://www.lasttour.net/agenda/la-polla-records/?lang=eu&date=26-09-2020

10. Donostia Festibala
Indartuta eta berrikuntzekin dator bueltan Donostia Festibala hipodromora irailaren 18an eta 19an. Eguneko programazioa izango da Lasarte-Orian, "punta-puntako inprobisatzaile trebeenak aurrez aurre jarriko dituen norgehiagoka: Zasko Master, Bnet, Arkano, Skone eta Dj Verse, besteak beste". Horrekin batera, hipodromo inguruetan kanpalekua egokituko dute. Adin txikikoei begirako bi berrikuntza. Batetik, "gazteenek eta familiek ere jaialdira joateko aukera izate aldera, 11 urtetik beherako adingabekoak doan sartu ahal izango dira jaialdian, betiere heldu batekin batera etorriz gero". 11 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute. 18 urtetik beherakoek aldiz, inprimaki bat bete beharko dute. Dagoeneko lehen promozio sarrerak salgai jarri ditu antolakuntzak, jaialdiari buruzko informazio zabala eskaintzen ari den donostiafestibala.com atariak.

Irailaren 18an eta 19an ospatuko den jaialdirako lehen taldeen izenak ere iragarri dituzte jada. Zubietako hipodromora datoz besteak beste: Kase.O raperoa, Lola Índigo, Fernandocosta, Zetak, Green Valley, Nil Moliner, Mafalda, Morad, Funzo & Babyloud, La Furia eta Víctor Rutty, Rober del Pyro eta DJ Kaef. Dellafuente, Don Patricio, Los Chikos del Maíz, Dupla, Guitarricadelafuente, Hakima Flissi eta Huntza. Eguneko programazioa Lasarten: punta-puntako inprobisatzaile trebeenak aurrez aurre jarriko dituen norgehiagoka: Zasko Master, Bnet, Arkano, Skone eta Dj Verse...