Egun bi zabortegi ditu Gipuzkoak; Bergarako Epelekoa eta Mutiloakoa. Mutiloakoa laster itxi asmo dute. Honenbestez Epelekoa eta Zubieta gaineko azpiegiturak baino ez ditu izango Gipuzkoak hondakinak tratatzeko. Industrietan sortutakoak kudeatzeko eskumenik ez du Foru Aldundiak, ezta Mankomunitateek ere. Baina hedabide ezberdinak berri ematen ari direnez, eragileok biltzen dituen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ez du baztertzen hondakinon zati bat Zubietako azpiegituretan tratatzea.
Jose Ignacio Asensio ingurumen arloko foru diputatuak hondakinen isurketa murrizten joateko Gipuzkoak azpiegitura moderno eta jasangarriak dituela defendatu du. Bide honen aldeko hautua egiteko, alegia hondakin industrialen zati bat erraustegira bideratzeko hondakin motak, hauek tratatzeko bideragarritasun teknikoa eta beharrezko baimenen azterketa egiteko konpromisoa hartu du.
GHK-k, Zaldibarko zabortegiko hondamendiaren ondotik eta Mutiloakoa ixtear dela hartu du erabaki hau. Astearteko Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko Foru Aldundiak eginiko agerraldian, kazetarien galderei erantzunez, foru gobernuko bozeramaile Eider Mendozak adierazi zuen hondakinen zati bat Zaldibarko zabortegira garraiatzen zela.
Zubietako erraustegia guztiz martxan jartzear izan dezaketen honetan, Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren eraginez desagerturiko bi langileei elkartasuna adierazi eta kaltetutako herritarren kezkarekin bat egin zuen Aldundiko bozeramaileak. "Eskatzen diegu gomendioak jarrai ditzaten. Gure lehentasuna da erakunde bezala herritarren ongizatea bermatzea eta horretarako bideratuko dugu gure laguntza eskaintza erakunde gisa". Eskerrak eman dizkie egun guztiotan lanean aritu diren guztiei, orain arte bezala aurrerantzean ere laguntzen segitzeko prestasuna adieraztearekin batera.
Zaldibarkoa hondatuta, Mutiloakoa ixtear eta Gipuzkoak Epeleko zabortegia baino ez duela aintzakotzat hartuta, hondakin industrialak tratatzeko Zubietako azpiegiturak baliatzea aztertu dezake orain GHK-k.
Martxoa amaierarako guztiz martxan
Agerraldi berean Zubietako erraustegia guztiz martxan noiz jarriko zuten galdetu zion kazetarietako batek Mendozari. "Ez dizuet epea aurreratuko, ez dudalako informazio ziurrik eta ez nuke hanka sartu nahi" erantzun zion. Azkeneko frogak egiten dabiltzala eta gutxi barru izango dela argitu zion. "Laster, oso laster jarriko da abian. Eta horren berri emango zaizue lehenbailehen", ziurtatu zien Mendozak hedabideei.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) azken egunotan iragarritakoa kontuan hartzen bada, martxoa amaieran jarri dezakete guztiz martxan Zubietako erraustegia. Nahiz hondakinak erretzen hasia den. Honela adierazi du GHK-k Kontsortzioaren ghk.eus bidez: Zubietako erraustegiak "errekuntza-probekin jarraitzen du, eta berriki ekin dio errausketa lineen etengabeko funtzionamenduari. Instalazioa martxoaren amaierarako guztiz abian egotea aurreikusi dute".
Dakizuenez, Eusko Legebiltzarreko apirilaren 5eko hauteskundeak deituta daude. Bozketa egun honen aurreko egun edo asteetan piztu dezakete erraustegia, baina ezingo dute inaugurazio ofizialik egin, hauteskunde deialdiak berak eragotziko dietelako.