Legealdi berri honetarako zubietarren beharrak biltzeko bilera 18:30etan Kaxkapen

Hitzordua Zubietako Herri Batzarrak deitu du; astearte honetarako (otsailak 25) 18:30etan Kaxkapen. Abian den 2019-23 legealdirako zubietarren beharrak, proposamenak bildu nahi dituzte. Hitzordu honen harira, elkarrizketa eskaini dio Zubietako alkate Haritz Arrizabalagak NOAUA!ri.

NOAUA! Udaberrian osatu zen egungo Herri Batzarra. Nolakoa izan da lehen hilabete hauetako martxa?
Haritz Arrizabalaga: Samurra ez da izan. Gai hauetan ez dugu inolako eskarmenturik eta oraingoz ikasten ari gara. Ikasten eta eguneroko beharrei erantzuten. Batzarrean sartu ginenetik hona, martxan zeuden proiektuak kudeatzen jardun dugu. Azken uneko beharrei erantzuten aritu gara hilabeteotan. Orain, aurrera begira jarri eta lanean hasi nahi dugu.

Gainera, hautatuak izan zineten guztiak lehen aldiz ari zarete batzarkide lanetan, ezta?
Bilera batzuk egin genituen aurreko batzarkideekin eta asko lagundu digute, baina egunerokotasunean bakarrik gaude. Usurbil eta Donostiako Udalekin harremantzeko garaian ere berdin gabiltza, ikasten.

Usurbilgo Udalarekin akaso errazagoa da, udal txikia izanik harremanak gertukoak direlako. Donostian aldiz, burokrazia gehiago dago eta edozein mugimendu txiki egiteko ere, gehiago kostatzen da.

Hasi berri dugun urteari dagokionez, zeintzuk dira burutu nahiko zenituzketen egitasmoak?
Ideia batzuk baditugu lehendik. 2017an, EMUNek partaidetza prozesu bat gidatu zuen Zubietako herritarrekin batera. Txosten horretatik ideia eta egitasmo batzuk errekuperatu ditugu. Otsailaren 25eko bilera, hain zuzen, horretarako propio antolatu dugu: Zubietaren inguruko diagnosia egiteko eta azken urteotan sortu diren beharrak zeintzuk diren zerrendatzeko. Behin hori eginda, herritarrekin batera zehaztu nahi ditugu aurtengorako egitasmoak.

Udaletxeetan bezala, Herri Batzarrean ere lau urtekoak izaten dira legealdiak. 2019-2023 epean, zeintzuk izango dira erronka nagusienak? Hori ere datorren asteko bileran landuko al duzue?
Hori da gure asmoa. Datozen 3-4 urteei begira, zubietarrek dituzten beharrak zerrendatzea, eguneratzea eta adostea.

“Komunikazioa hobetzeko bideak adostu nahi ditugu”

Etorkizuneko Zubietaz hitz egiteko herri bilera iragarri duzue. Otsailaren 25ean asteartea, arratsaldeko 18:30ean Kaxkapen.
Elkar ezagutu nahi dugu. Hori ere bada datorren asteko bileraren helburu garrantzitsu bat. Herri Batzarraren eta zubietarren artean egon litekeen distantzia ahalik eta gehien murriztu nahi dugu. Komunikazioa hobetu eta arintzeko bideak adostu nahi ditugu.

Bilera partehartzailea izango denez, hurbilduko direnek pentsa dezatela Zubietaren etorkizunerako zer nahi duten. Guk gure asmoak zeintzuk diren aipatuko ditugu. Dena den, zubietarren proposamenak entzun nahi ditugu. Legealdiko erronka nagusiak denon artean zerrendatu nahi ditugu. Behin hori eginda, 2020rako premiak eta lehentasunak zehaztuko ditugu.

Iazko udaberrian hautatuak izan ziren kide guztiak lehen aldiz ari dira Zubietako Herri Batzarrean lanean. Otsailaren 25ean asteartea, 18:30ean batzeko deia egin dute. Kaxkapen elkartuko dira.