Herri mugimenduen eskariei, medikuen ohartarazpenei, alternatiba osasuntsuago eta jasangarriagoei bizkar emanda Zubietako erraustegia guztiz martxan jartzera doazela salatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak astearte goiz honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin duen agerraldian. “Azkenean Gipuzkoako agintari politikoek eta korporazio handiek egin dute nahi zutena. Proiektu kriminal hau martxan jarri duten agintarien izenak ez ditugu ahaztuko. Olano eta Asensio, zuen erraustegia izango da hau betirako”, adierazi dute.
Zaldibarko hondamendia ahotan hartu dute, “gutxi batzuen negozioagatik milaka herritarren osasuna” arriskuan jarri dutela salatzeko, agintari politikoak ezkutatzen ziren artean. “Negligente hutsak dira” adierazi diete, larrialdi egoerarekiko maila ez dutela eman aurpegiratzearekin batera.
“Zaborraren mafiak ez du eskrupulurik”
“Pribatizazioaren bideak zer dakarren erakutsi digu”, mugimendukoen esanetan, “zaborraren mafiak ez duela eskrupulurik”. Enpresa pribatuekiko Jaurlaritzaren kontrol falta, irregulartasunen aurrean “lagunei nola barkatzen dieten ikusi diegu”, haien esanetan datuak ezkutatzearekin batera “berdin izan zaie ia 10 egunez herritarrak kutsatzea”… “Eskandalu hutsa”, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren iritziz.
Zaldibarko hondamendiak Zubietako erraustegiarekin gertatzen ari denarekiko antzekotasun handiak ditu: adibide gisa aipatu dute, Aldundiak Urbaser enpresari hainbat hilabetez egunean 60.000 euroko isuna barkatu diola lanak garaiz ez amaitzeagatik.
Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegiaren kontrolaz esandakoak gezurtatu dituzte. "Zaldibarkoak erakutsi du Asensio gezurti hutsa dela. Bere garaian esan zuen erraustegiak isuriko zituen dioxinak eta furanoak etengabe eta modu jarraian neurtuko zituztela, eta noizbait detektatzen bazuten kutsadura mailak gainditzen zituztela, momentuan bertan geratuko zutela... gezurtiak. Bost egun behar izan dira analitiken emaitzak jasotzeko Zaldibarren. Gezurtiak. Nola engaina dezakete herria hain lotsa gutxirekin?".