Jada "ohikoan" bilakatzen ari den irudia errepikatu da astearte goiz honetan ere. Erraustegia kea dariola esnatu da herria. Kalezar aldetik ateratako irudiak dira ondokoak. Argazkiak ateratzen ari ginela bizilagun batek adierazi digunez, atzo ere kea zerion erraustegiari, bere esanetan ke beltza.
"Ofizialki" azaroa amaieraz geroztik probaldi fasean dute Zubietako erraustegia. Abenduan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ghk.eus web orri bidez aditzera eman zuenez, enpresa emakidadunak Zubieta gaineko azpiegiturak martxoaren 3an martxan jartzeko konpromisoa adierazi zuten.
Berriki ordea, web orrialde berak erraustegiaren pizte eguna martxoa amaierara atzeratu daitekeela berri eman zuen. Erraustegiak ghk.eus atariaren arabera, "errekuntza-probekin jarraitzen du, eta berriki ekin dio errausketa lineen etengabeko funtzionamenduari. Instalazioa martxoaren amaierarako guztiz abian egotea aurreikusi dute".
Protestak beltzez jantzita eta kandelekin, erraustegiaren pizte egunean
Pizte eguna edozein dela ere, adi egoteko eskaera egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak goizean Donostian egin duen agerraldian. Egun horretarako, "protestak antolatzen ari gara", iragarri dute. Martxoaren 3an balitz, edo beste edozein egun, pizten den egunean, "herri guztietan arratsaldeko 19:00etan kandelekin eta beltzez jantzita kontzentrazioak deitzen ditugu".
Mugimenduaren sare sozialei adi egotea eskatzen dute, “baliteke eta egunean bertan egin behar izatea deialdiak”.
Larreko Mahaiko kide den heinean, larunbaterako Donostian deitua dagoen manifestazioarekin bat egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.