Eguerdiko 12:00etarako finkatua zuten hitzordua Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa plazan duen egoitza atarian. Euria tarteko, arkupe inguruak gazteez bete dira. Ezohiko irudia gipuzkoarron etxe atari inguruetan. Erraustegia geratzeko Ernai gazte antolakundeak erraustegia geratzeko elkarretaratzea deitua zuen hiriburuko plaza honetan.
Etorkizuneko belaunaldia Gipuzkoako agintariak biltzen dituen Foru Aldundiko egoitzaren parean jarri da aurrez aurre, "Ustelen legea, errautsa eta kea. Erraustegia geldituz, herria defendatu!" aldarriaren bueltan. Erraustegiaren aurkako oihuak jaurti dizkiete foru agintariei. Ustelak deitu diete EAJ eta PSE-ko ordezkari politikoei. Erraustegirik ez dutela onartuko adierazi diete, bide bakarra borroka dela aldarrikatzearekin batera.
Ernaik deitutako elkarretaratzea, ez da gaurko iragarri duen mobilizazio bakarra izango. Arratsaldeko 19:00etarako eskualdeko manifestazioa deitu du Lasarte-Orian. Okendo plazatik abiatuko da eta udalerriko kaleak zeharkatuko ditu. Bestetik, gogoan izan, larrialdi ekologikoari aurre egiteko udazkenean osatu zen Larreko Mahaiko kide dela Ernai. Zubietako erraustegia geratzeko, larunbaterako (hilak 29) arratsaldeko 17:00etan Donostiako Amara auzuneko tren geltoki ondoan dagoen Easo plazatik abiatuko den manifestazioa deitu du, “geure osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!” aldarripean. Mobilizazioarekin bat egin du gazte antolakundeak.