“Aurrean dugun erronka ekologikoari eusteko, ez dugu erraustegirik behar”, gogorarazi zuten otsailaren 20an Donostiako Tabakaleran eginiko agerraldian. Aldiz, “neurri ausart eta aurrerakoiak behar ditugu, errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa iraunkor eta garden bat”.
Bide horretan, berretsi zutenez, “ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko duen jendarte eredu baten aldeko borrokan trantsizio ekologikoa ardatz hartuko dugu eta bertan eragiteko konpromisoa geure egingo dugu”. Bizi dugun larrialdi ekologikoa, “hondakinen kudeaketa lotsagarriaren ondorio ere badela”, dio Larreko Mahaiak. Zaborra pilatu eta errez, “etekin energetikoa ez, baizik eta ekonomikoa ateratzen”, eginiko ahaleginaren ondorioa.
“Politika publikoetatik bermatu behar den trantsizio ekologiko batek eskumenen pribatizazio gutxiago eta demokratizazio gehiago eskatzen du. Nork ordainduko du erraustegiaren zorra?”, galdetzen du Larreko Mahaiak.
Boterean direnen konpromiso politiko erreala ez dela nahikoa salatzen dute eta hondamendi honen guztiaren “kaltea herritarrak ari gara jasaten, ingurumena, Zaldibarren ikusten ari garen antzera”. Oraindik zabortegian desagertuak segitzen duten bi langileen senideei eta Zaldibar nahiz inguruetan kutsaduraz alerta egoeran diren milaka bizilagun guztiei elkartasun osoa adierazi zieten. Bizi baldintza eta osasun arriskuen aurrean erantzukizun eta neurri hartze gabezia eta kudeaketa pribatizatuaren ondorio ekologiko latz eta oraindik mendera ezinez ohartarazi dute.
Testuinguru honetan, konpromiso politiko eta kolektiboa beharrezkotzat jotzen dute, ingurumenaren zaintzan oinarrituriko ereduen babesa zabaltzeko. Horretan eragin asmo du Larreko Mahaiak.
Horrekin batera, hondakinen kudeaketaren gaian “herritarrok hitza eta erabakia hartu nahi dugu”, aldarrikatzen dute, “geure egunerokoen afera delako, zuzenean eragiten digulako, eta errausketak geure lur, gorputz eta bizitzak kutsatzerik nahi ez dugulako".
Hitza eta erabakia hartzera deitzen gaituzte, baita larunbat honetarako deitu duten manifestazioan ere. "Jendarte hau bizigarriagoa egiteko borrokan jarraituko dugu, dena baitugu irabazteko! Errausketarik gabeko herri eta lurralde baten aldeko borrokan jarraituko dugu, ez diezaguten etorkizuna erre!".