Babes zabala eta erantzun itzela izan du larunbat honetarako Larreko Mahaiak deituta Donostian egin den manifestazioak. Eragileen aldetik, euskal gehiengo sindikalak, eragile sozial eta ekologista anitzek bat egin dute mobilizazioarekin. Eta baita herritarrek ere. Mobilizazioa Easo plazatik abiatu eta helmugara, Bulebarrera bidean zihoala manifestarien katea nabarmen hazten joan zen.
"Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!" goiburua zeraman pankartari eusten eta manifestazio buruan Larreko Mahaiak biltzen dituen eragileen ordezkariak abiatu ziren. Atzetik, bidea kantuan egin zuten Usurbil nahiz Zarautz aldeko hainbat abeslari. "Errausketarik ez" gorri koloreko hizki larriak eusten segidan beste talde bat. Pankarta gehiago ere ikusi genituen; "klima larrialdia. Denbora agortzen ari da" zioen Extinction Rebellion eragilearenak, edota haien seme-alaben osasunagatik kezkaturiko guraso taldearenak, GuraSOSenak, erraustegiaren eraginak zer nolako lur eremua kalte dezakeen ohartarazten zuen.
GuraSOSen baitan ama talde batek abiarazitako "Kontuz, ama naiz!" ekimenarekin bat eginik, hainbat lagun buruan zapian zutela, eta kartel aldarrikatzaileekin; "ama naiz, natura naiz, zertan ari zarete?", zioen batek. Gogoan izan, aste hasieran Usurbilgo frontoian aritu ziren prestaketa lanetan.
Erraustegiaren aurkako banderolak noiznahi eta nonahi ikus zitezkeen manifestarien eskuetan. Eta aipatzekoa noski, besteren artean, Usurbil nahiz Zubieta inguruetako bizilagunen parte hartzea.
Eta manifestazio bidean zehar, Donostia erdigunea hartu eta ozen asko entzun zen aldarria; "ez, ez, ez, errausketarik ez!".