"Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko" entzun izan dugun esaldiaren adibide ederra izan zen larunbatean, Zubietako erraustegia geratzeko Larreko Mahaiak Donostian bildutako milaka lagunen manifestazioa. Mobilizazioa hasi eta amaitu, kantuan egin zuten. Baita bidea ere, erraustegia geratzeko moldaturiko hainbat euskal abesti ezagunekin. Ondoko bideoan dituzue zenbait pasarte.
Abestiok ahotan hartu zituztenen artean Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak edota Zarautz aldekoak ikusi eta entzun genituen. Euripean zen manifestazioaren abiapuntuan, Donostiako Easo plazako kioskoan hasi ziren abesten. Berehala atertu eta ateri eutsi zion mobilizazioan zehar. Erraustegiaren aurkako eta birziklatzearen, osasunaren alde borrokatzen segitzeko mezuak zabaldu zituzten hiriburu erdigunean barrena. Baita Bulebarrean ospaturiko amaiera ekitaldian ere.
Kataluniari babesa adierazteko azken urteotan sarritan entzun eta baliatu den "L` estaca" abesti ezagunaren letra moldatuz, bat egitera deitu zuten une oro. "Baina guztiok batera, erraustegia botatzera. Usteltzen hasia dago eta, laster eroriko da".