Zaldibarko zabortegiarekin asteotan jazotakoak Zubietako erraustegiarekin gerta daitekeena gogorarazi digu sarritan. Bien artean dauden antzekotasunak agerikoak dira. Larreko Mahaiak larunbatean erraustegia geratzeko milaka lagun batu zituen Donostiako mobilizazio jendetsuaren amaieran ere manifestarien oroimenean zuten, eta are gehiago, Zaldibar argitu herri plataformako kideek hitza hartu zutenean.
Zabortegian desagertuak segitzen duten langileak oroitu zituzten. Hondamendiak agerian utzi zituen gehiegizko elementu ilunak salatu zituzten. Agintariei gezurretan aritzea egozten diete, eta erantzukizunak eskatu zizkieten. Gutxi batzuen "harrokeria, handinahai eta diru gosea" herritarrei ordainaraztea. "Guztiok ordaindu behar dugu orain gutxi batzuen harrokeria, handinahai eta diru gosea. Ez soilik diru publikoarekin, geure gorputzarekin baizik, geure bizitzarekin".
Norabide berean jarraituz gero ziotenez, "beraien hondakinetan itoko gaituzte, eta guk garbi diogu: aski da". Herritarrak antolatu direla eta "ez daukagu gelditzeko asmorik" iragarri dute. Ez dutela gelditzeko asmorik, "Joakin eta Alberto aurkitu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun politiko guztiak mahai gainean jarri arte. Zaldibar argitu!".
Hemen Larreko Mahaiaren Donostiako manifestazio amaierako Bulebarreko ekitaldian, "Zaldibar argitu!" herri plataformako kideek plazaratu zuten adierazpena:
ZALDIBAR ARGITU! HERRI PLATAFORMAKOEN ADIERAZPENA
Mila esker Larreko Mahaiko kideei gure herri plataformari ekitaldi honetara gonbidatzeagatik. Oso larria da gure herrietan gertatu dena, beraien zaborra erori zaigu buru gainera literalki. Joakin eta Alberto oraindik lur azpian daude eta beraientzako da gure lehenbiziko oroimena eta aipua.
Zaldibarko gertaerak elementu ilun gehiegi bildu ditu; sare klientelarrak, gaizki kudeatutako kontuak, ustelkeria... Beraien zaborrarekin ordea gu gara hiltzen garenak.
Gehiago axola zitzaien A8-a moztuta egotea, edo Eibar eta Errealaren partida bertan behera geratzea, 50.000 pertsonaren osasuna baino. Gezurra esan ziguten; airearen kalitatea ona zela, urarena ere bai, ez zegoela inolako arazorik, jakin bazekitenean ez zela horrela. Hortik astebetera, bat batean leihoak ixteko, kirolik ez egiteko eta haurdun zeuden emakumeei kontuz ibiltzeko.
"Zer broma da hau?" pentsatu genuen. Negozioak puzten ibili direnak gainera, orain barre egin nahi digute aurpegira. Tira, ondotxo dakigu herritarren osasuna eta ongizatea ez direla sekula negozioaren lehentasuna izan. 35 urteetarako prestatua zegoena hamarkada pasatxoan bete zuten, denetarik bota zabortegira; amiantoa, lindanoa eta abar. Eta auskalo zer dagoen hor. Ez digute ezer garbirik esaten, baina alarmistak ez izateko, erakundeengan sinistu behar omen dugula. Betiko leloaren betiko leloa da; irabaziak pribatizatu eta kostu ekologiko eta sozialak sozializatu. Guztiok ordaindu behar dugu orain gutxi batzuen harrokeria, handinahai eta diru gosea. Ez soilik diru publikoarekin, geure gorputzarekin baizik, geure bizitzarekin. Kapitala versus bizitza; ezinhobeto dator esaldi hori Zaldibarren gertatzen ari dena ulertzeko.
Honek logika eta egiteko modu bati erantzuten badio ere, izen abizenak egon badaude. Non daude erantzukizunak? Bi langile lurpean, milaka herritarren osasuna jokoan, zabortegian lanean aritu ziren langileen osasuna ere zalantzan... Kudeaketa penagarri honek ez al du dimititzera edo erantzukizunak bere gain hartzera eraman behar? Jaurlaritza zertan ari zarete? Non dago Lehendakaria? Non dago urteetan Eibarko alkate izan zen eta orain Ingurumen Sailburu den Iñaki Arriola jauna? Ez al duzue inolako ardurarik hartu behar?
Herritarrak behintzat antolatu gara eta ez daukagu gelditzeko asmorik. Ermua, Eibar, Zaldibar, Mallabia eta Elgeta ondoan egon arren, hau Euskal Herri guztiari eragiten dion kontua da, eredu bat jartzen baitu zalantzan. Erroetatik eraldatu beharrekoa. Norabide berean jarraituz gero, beraien hondakinetan itoko gaituzte, eta guk garbi diogu: aski da. Jarraituko dugu beraz, gogoz eta indartsu. Joakin eta Alberto aurkitu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun politiko guztiak mahai gainean jarri arte. Zaldibar argitu!