Zubietako erraustegia

Larreko Mahaia: "Ez diogu begirik kenduko hor ondoan eraiki diguten munstroari"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 2a, 09:47

Zaldibar argitu eta erraustegia gelditzea, Larreko Mahaiak larunbatean Donostian deitutako manifestazioan bildutako milaka herritarrek behin eta berriz ahotan hartutako aldarria izan zen. Bulebarreko amaiera ekitaldian bereziki. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, Zaldibarko hondamendiaren ondotik eta Zubietako erraustegia piztear izan dezaketen honetan, "larrialdi egoeran gaude". 

Larrialdi egoeran, Zaldibarko zabortegiaren kasuan bi langileek desagertuta segi eta "milaka herritarrek ordaintzen baitute bizi baldintza arriskutsuen aurrean". Erraustegiaren kasuan, "ondorio ekonomikoak, ekologikoak eta osasunezkoak guk geuk pairatuko ditugula argi geratu delako".

Hondakinen kudeaketa eredu penagarriaren aurrean, "kudeaketa publiko bat, gardena eta kontrol zorrotzekoa exijitzen dugu", adierazi zuten Larreko Mahaiko ordezkariek.

Probaldi fasean izan eta laster piztu dezaketen erraustegiari, "ez diogu begirik kenduko hor ondoan eraiki diguten munstroari", iragarri dute. Borroka ez dela amaitu ohartarazi zuten, "erraustegia gelditzeko borrokan jarraituko dugu. Ez diezaguten etorkizuna erre, dena baitugu irabazteko".

Gogorarazi zutenez, "osasunaren, ingurumenaren, justizia sozialaren eta demokraziaren aldeko borroka baita" honakoa eta "ez da inoiz amaituko". 

Zaldibar argitu eta erraustegia gelditzea exijitu zuten:

LARREKO MAHAIAREN ADIERAZPENA
Hiru aste eta bi egun igaro dira dagoeneko Zaldibarko hondamendiaz geroztik eta oraindik ere erantzukizun eta aterabide argirik ikusi gabe jarraitzen dugu. Gure elkartasun osoa beraz, Joakin eta Albertoren senideei. Zaldibar eta inguruetako bizilagun guztiei.

Larrialdi egoeran gaude, larrialdi ekologiko eta sozial egoeran. Zergatik? Bi langile baitaude desagerturik, hasteko. Milaka herritarrek ordaintzen baitute bizi baldintza arriskutsuen aurrean. Eta gainera, pribatizazioaren eta diru gosearen ondorio ekologiko latzak menperatu ezinik baitabiltza.

Bai, kezkatuta gauden herritarrak gara. Kezkatuta? Zergatik ote? Erraustegiaren ondorio ekonomikoak, ekologikoak eta osasunezkoak guk geuk pairatuko ditugula argi geratu delako. Larrialdi egoera hondakinen kudeaketa penagarriaren ondorio ere badelako. Instituzio publikoak erantzukizuna eta paper aktiboa hartu beharrean, larrialdi klimatiko egoera izendatu eta berau areagotzen ari direlako. Eta nola ez, zaborren negozioa eta pribatizazio masiboek eskubideak eta osasuna kentzen digutelako. 

Hondakinen kudeaketa publiko bat, gardena eta kontrol zorrotzekoa exijitzen dugu, herritar ororen segurtasuna eta osasuna bermatuko duena eta ingurumena zainduko duena. Herritarrok, guk denok, erabakitzeko boterea geure egin eta eskuratu behar dugu. Hitza hartu, parte hartu, antolatu, eta saihestezina den trantsizio ekologikoan eragin, gizarte justuago bat eraikitzeko. 

Ez diogu begirik kenduko hor ondoan eraiki diguten munstroari, ez. Erraustegiaren inguruko desinformazio eta ezkutatze saiakera ororen gainetik, guk jarraituko dugu kutsaduraren jarraipen, lan eta bizi baldintzen kontrol eta ereduaren salaketa ekimenak sustatzen. 

Gaurko eta datozen egunak garrantzitsuak dira. Agintariek erraustegia martxan jartzeko eguna finkatu baitzuten, horrela usteko baitute jada irabazi egin dutela, baina oker daude. Ez. Erraustegia gelditzeko borrokan jarraituko dugu. Ez diezaguten etorkizuna erre, dena baitugu irabazteko. Soberan ondo dakite ez gaituztela isilduko. 

Borroka hau ez dela inoiz amaituko. Osasunaren, ingurumenaren, justizia sozialaren eta demokraziaren aldeko borroka baita. Eta horregatik beste behin ere, hemen elkartu garen guztiok ozen oihukatuko dugu, Zaldibar argitu, erraustegia gelditu! 

Ez gaitzaten desanimatu. Bidea luzea izango da, baina indartsu eta gogotsu egon behar dugu denok. Eta ez ahaztu, Zaldibar argi dezatela eta erraustegia geldi dezatela! Osasuna bai, aurrera!