Erraustegia geratzea eta neurketak sustatzea; mugikortasuna hobetzea (bidegorria, argiteria, bus zerbitzua…); kultur ekintzak, herri komunikazioa eta elkarlana bultzatuz herri bizitza aberastea; eta gazteentzat etxebizitza bermatzea. Zubietako Herri Batzarrak deituta, otsailaren 25ean Kaxkapen egin zuten legealdi berrira begirako bilera irekian, 2023ra arte bertako bizilagunek finkatu zituzten lehentasun edo erronka nagusiak dituzue aipaturikoak.
Taldeetan hausnarketak partekatzen, etorkizuneko Zubieta marrazten aritu ziren Herri Batzarrak deitutako saioan. Abian den legealdi honi begirako egitasmoak, erronkak, zeintzuk izan zitezkeen zehazteko herritarren beharrak jaso nahi izan zituzten. Aurreko taldeak emandako laguntza eskertu zuten egungo batzarkideek. Haiek utzitako proiektuak kudeatu, jarraipena egin eta ikasketa prozesu betean direla.
Zubietako plana
Usurbilgo Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren baitan, Zubietako plana ere garatzekoak dira, eta horri lotuta ere lanketa bideratzekoa da Herri Batzarra, EHUren Artitekturako ikasle talde baten laguntzaz. Proiektu bezala landuko dute, gai honi lotuta Zubietari buruzko datu bilketa eta ikerlana egitea eta gerora, parte hartze prozesu bat sustatzea.
Donostiako aurrekontuak
Gogoan izan, bitan zatitua dago Zubietako legealdia. Egun, Usurbil aldeko alkatea dute bi urterako, Haritz Arrizabalaga. Donostialdeko eremukoak hartuko dio lekukoa, 2021ean, Jon Arroyok. Hiriburuko udal ordezkariak Zubietako Kaxkapera datoz hain zuzen, martxoaren 9an 19:00etan. 2021-22 urteetarako parte hartzean oinarrituriko aurrekontuak sustatu nahi Donostiako Udalak. Horretarako bilera erronda bat egiten ari dira auzo eta herrietan. Prozesu horri buruzko xehetasunak eskainiko dituzte datorren astelehenean Kaxkapen.
Prozesu honen bidez, etorkizunean herritarren proposamenak jaso, aztertu “eta ezarritako irizpideak betez gero”, donostiarrek gero 2021-22 urteetako aurrekontuetarako kontuan har ditzaketen ekarpenok bozkatu ahalko dituzte.