2021-22 urteetarako "partaidetzazko aurrekontuak" aurkeztuko ditu Donostiako Udalak astelehenean Zubietako Kaxkapen

Hiriburuan barrena egiten ari diren bilera errondaren baitan, zubietarrekin bildu nahi du Donostiako Udalak astelehen honetan (martxoak 9) 19:00etan Kaxkapen. Hurrengo bi urteetarako "partaidetzazko aurrekontuak" goiburupean iragarri duten egitasmoa aurkeztu asmo diete zubietarrei.

Hiriburuko udal ordezkariak Zubietako Kaxkapera datoz astelehen honetan, martxoaren 9an 19:00etan. 2021-22 urteetarako parte hartzean oinarrituriko aurrekontuak sustatu nahi Donostiako Udalak. Horretarako bilera erronda bat egiten ari dira auzo eta herrietan. Prozesu horri buruzko xehetasunak eskainiko dituzte astelehen honetan Kaxkapen. "Prozesua aurkeztuko da, eta prozesuan parte hartzeko xehetasunak jakinaraziko zaizkie herritarrei", Donostiako Udalak iragarri duenez. Horrekin batera, "beste helburuetako bat proposamenak eta ideiak sortzea sustatzea da, bizilagunen arteko elkarrizketa erraztuz". 

Prozesu honen bidez, etorkizunean herritarren proposamenak jaso, aztertu “eta ezarritako irizpideak betez gero”, donostiarrek gero 2021-22 urteetako aurrekontuetarako kontuan har ditzaketen ekarpenok bozkatu ahalko dituzte.

Legealdia marrazten
Erraustegia geratzea eta neurketak sustatzea; mugikortasuna hobetzea (bidegorria, argiteria, bus zerbitzua…); kultur ekintzak, herri komunikazioa eta elkarlana bultzatuz herri bizitza aberastea; eta gazteentzat etxebizitza bermatzea. Zubietako Herri Batzarrak deituta, otsailaren 25ean Kaxkapen egin zuten legealdi berrira begirako bilera irekian, 2023ra arte bertako bizilagunek finkatu zituzten lehentasun edo erronka nagusiak dituzue aipaturikoak.

Taldeetan hausnarketak partekatzen, etorkizuneko Zubieta marrazten aritu ziren Herri Batzarrak deitutako saioan. Abian den legealdi honi begirako egitasmoak, erronkak, zeintzuk izan zitezkeen zehazteko herritarren beharrak jaso nahi izan zituzten. Aurreko taldeak emandako laguntza eskertu zuten egungo batzarkideek. Haiek utzitako proiektuak kudeatu, jarraipena egin eta ikasketa prozesu betean direla.

Zubietako plana
Usurbilgo Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren baitan, Zubietako plana ere garatzekoak dira, eta horri lotuta ere lanketa bideratzekoa da Herri Batzarra, EHUren Artitekturako ikasle talde baten laguntzaz. Proiektu bezala landuko dute, gai honi lotuta Zubietari buruzko datu bilketa eta ikerlana egitea eta gerora, parte hartze prozesu bat sustatzea.