Erraustegiek osasunean duten eragin kezkagarriaz ohartarazten duen beste ikerlan baten berri eman du GuraSOSek. AEB-tan landu dutena ospitale eta unibertsitate prestigioso hainbatek; tartean Harvard, Yale eta Kaliforniako unibertsitateek eta ospitale garrantzizkoenek, baita AEBtako osasun institutuek ere, esaterako, Minbiziaren Ikerketarako Marylandeko Institutu Nazionalak.
1989-2013 urte artean, 25 urtez honenbestez, osasun zerbitzuetako 112.397 emakume erizain baino gehiagoren osasun egoera aztertu zuten.
Emaitza kezkagarrira heldu ziren; zenbait kasutan, hiri hondakinen erraustegietatik 5 kilometrora bizi diren emakumeen artean bularreko minbizien kasu kopurua %52raino igo daitekeela ohartarazten du, bataz bestekoa %25ekoa dela, %15etik %28rainokoa 10 kilometrotara bizi direnen artean.
“Zifra horiek berez aztoragarriak badira udal hondakinen erraustegien kasuan, zer ez ote da izango horri Zaldibarko industria hondakinak erantsiz gero, eta hori gaur egun Zubietan gertatzen ariko da”, ohartarazi du GuraSOSek.
Ia 600.000 emakume, EAE-ko bi erraustegien eragin eremuan
Ehuneko horiek EAE-n ditugun Zabalgarbiko eta Zubietako erraustegien hurbileko eremuetara ekarri nahi izan ditu GuraSOSek. Eta ondorio kezkagarrira heldu da. "Guztira 1.118.596 pertsona dira, EAEko bi erraustegien eragin zuzeneko eremuan bizi direnak, hots, biztanleen %51".
Espainiako Estatistika Institutuaren 2019ko datuen arabera, Zubietako erraustegiaren "10 kilometroko erradioak hiriburu guztia eta Gipuzkoaren zati handia hartzen du, mendebaldetik Zarautzeraino, eta hegoaldetik Anoeta herriraino, eta zonalde horretan 308.016 pertsona bizi dira, eta horietatik emakumeak 159.254. Herri hauek hartzen ditu: Zarautz, Orio, Anoeta, Alkiza, Larraul, Villabona, Asteasu, Aia, Irura, Aduna eta Zizurkil, eta Donostia, Hernani, Andoain, Urnieta, Lasarte-Oria eta Usurbil; horiek denak 5 kilometroko erradioan".
Bizkaiko Zabalgarbiko erraustegiaren inguruneari dagokionez, "Bilbo eta Alonsotegi 5 kilometroko erradioan daude eta 10 kilometrokoan: Arrigorriaga, Galdakao, Erandio, Leioa, Getxo, Sestao, Portugalete, Barakaldo, Basauri, Derio, Zamudio…. Zonalde horretan 810.580 pertsona bizi dira eta emakumeak 410.030 dira".
"Erantzunen fidagarritasun maila oso altua da"
Ikerlan honen harira, Eduard Rodriguez-Ferré medikua, epidemiologoa, ikertzailea eta gaiotan aditua elkarrizketatu du GuraSOSek. "Dioxinek minbizian izan dezaketen eraginaz, orain arteko azterlan sakonena" dela dio AEB-k eginikoa. Garrantzitsutzat jotzen du ikerketaren iraupena 25 urtekoa izatea, eta tarte horretan urtero 112.000 emakume ikertu izana. "Erantzunen fidagarritasun maila oso altua da". Bere esanetan, “beharbada, orain arte dioxinek bularreko minbizian duten eraginari buruz egin den azterketa zabalena izan da”.
25 urteotan aztertuak izan diren emakumeok patologiarik izan badute aztertua izan da. Nahasmena eragin zezaketen beste hainbat faktore ere aztertu dituzte baita; industria, trafikoa... Lan konplexua egin dutela dio GuraSOSen elkarrizketatuak. Baina ondorioztatu duenez, "argi geratzen da estatistikoki, modu nabarmenean bularreko minbizi gehiago gertatzen direla udal hondakinen erraustegietatik gertu bizi diren emakumeetan, gainerako emakumeetan gertatzen direnekin alderaturik”.
Rodriguez Farré doktorearen esanetan, erraustegiek bularreko minbizien areagotzean duten eragina agerian uzten du ikerlan honek eta era berean, ondorio beretsuetara heldu diren beste minbizi mota batzuei buruzko beste hainbat azterketa indartzen ditu; espainiar estatuko Carlos III Institutuak Errusian, Britania Handian edota beste herrialde batzuetan egin izan direnei buruz landutakoa esaterako.
AEB-tako ikerlana helbide honetan duzue osorik:
https://www.sciencedirect.com/science/article/abs/pii/S0013935120304096