Gipuzkoako 2019ko hondakinen kudeaketari lotutako datuak plazaratzeko asteleheneko agerraldian, aste batzuk lehenago esandakoa berretsi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. Zubietako erraustegia estatu alarma egoera amaitu eta aste gutxira jarriko dute guztiz martxan. Horretarako, indarrean den alarma egoera amaitzean, beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar dute Eusko Jaurlaritzan, "behin betiko baimena" eskuratzeko. Eta une horretatik aurrera, "aste gutxi izango dira", Asensioren esanetan. Halere, noiz izango den zehaztea "ez dago gure esku", adierazi zuen foru ingurumen diputatuak. Bitartean probaldi fasean segiko duela iragarri zuen.
Agerraldi berean, Azkoitian eraikitzekoak diren tratamendu plantari buruz galdetu zioten. Asensiok erantzun zuenez, "balorizaziorako tratamendu plantak beharrezkoak dira zabortegiak saihestu nahi baditugu". Azkoitiakoa, "eraikuntzako materialak berreskuratzeko" izango dela iragarri zuen. Eta urrats hau, ekonomia zirkularraren sustapenaren adibide gisa jarri zuen.
Probaldi epearen luzapena
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) apirilaren 28an eginiko batzarrean Zubieta gainean eraikitako azpiegiturei lotutako erabakia hartu zuen; probaldi fasea luzatzea. "Gipuzkoako Ingurumen Gunea" deitzen dioten eremu horren kontratua aldatzea onartu zuten batzarkideen %65aren aldeko bozkekin. Kontsortzioaren esanetan, "COVID-19ak eragindako osasun larrialdiari aurre egiteko Alarma Egoeraren adierazpenak, Ekondakin sozietate emakidadunak GIG-1 martxan jartzeko amaierako egokitzapeneko proba eta jarduera zehatz batzuk ezin bukatu izanak eragin du" erabaki hau hartzea; "ezohiko probaldi epea" deitu diotena ezartzea hain zuzen.
Ondorioz, Zubieta gaineko azpiegituren probaldi fasea luzatzea onartu du GHK-k, "Gipuzkoako hiri-hondakinen tratamendua bermatzeko, osasun agintaritzak eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioak ezarritako irizpideak betez" eta honenbestez baita kontratu aldaketa tramitatu beharra ere, "alde guztien betebeharrak eta ezohiko proba epealdi honetan emakidadunari egin beharreko ordainketa erregimena erregulatzeko".
GHK-tik ohartarazi dutenez, kontratu aldaketak "ez ditu lizitazio eta esleipenaren oinarrizko baldintzak aldatzen, eta Alarma Egoerari irtenbidea emateko ezinbestekoak diren aldaketak egiten ditu bakarrik". Kontsortziotik iragarri dutenez, "ezohiko probaldi epe" honetan zehar, "kontrol eta segurtasun baldintza horiek beteko ez balira" GHK-k "probak etetea agindu ahalko du, betetzen direla bermatzen duten neurri egokiak hartu arte. Dagozkion ordainketak ere etengo lirateke".