Usurbilgo Lanbide Eskola: "Hasi gara itzulera prestatzen"

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 8a, 13:05
Usurbilgo Lanbide Eskolan oraindik ez dute Eusko Jaurlaritzaren jakinarazpen ofizialik jaso. Dena den, hasi dira itzulera antolatzen. Datorren astean eraikinaren desinfekzioa egingo da eta maiatzaren 18an ikasleak bueltatuko dira. "Erdi mailako 1. mailakoak salbu", Oier Aranzabal zuzendariordeak adierazi digunez.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarpen hauxe egin zuen atzokoan: maiatzaren 18an Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailako ikasleak bueltatuko dira eskolara. Baita erdi eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak ere. Maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak.

Usurbilgo Lanbide Eskolakoekin jarri gara harremanetan. "Eskola martxan jartzen eta pantailak egiten", horrela topatu dugu Oier Aranzabal eskolako zuzendariordea. Konfinamendua hasi zenetik hona, irakasleak aurpegia babesteko pantailak egiten aritu dira 3D inprimagailuak baliatuz. Nor bere etxetik. "1.000 egin ditugu dagoeneko eta beste 300 eskatu dizkigute Lasarte-Oriako Aterpea elkartetik eta Udaletik". 

 

Datorren astean eraikinaren desinfekzioa egingo dute

Oier Aranzabalek adierazi digunez, ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira Lanbide Eskolara. Oraindik ez dute Eusko Jaurlaritzako jakinarazpen ofizialik jaso. "Dena den, zuzendaritzatik hasi gara itzulera planteatzen". Neurri batzuk aurreratu dizkigu:
 

- Datorren astean eraikinaren desinfekzioa egingo da eta "eskola irakaslegoari zabalduko zaio".

- Maiatzaren 18an ikasleak hasiko dira, "erdi mailako 1. mailakoak salbu".

Ez hori bakarrik. Sarrera-irteeren ordutegia zehazten hasi dira, eskailera eta pasiloetan ikasleen norantza markatzen... "Astelehen goizean berriz elkartuko da zuzendaritza batzordea, eta ordurako irizpide garbiak espero ditugu. Lanbide Eskola ahalik eta modu egokienean eta seguruenean martxan jarri ahal izateko".