Zubietako Artzabaleta inguruko bizilagun batek azaldu dio NOAUA!ri larunbat honetan ikustea egokitu zaiona. Inguru horretan bat egiten dute Arkaitz eta Lizardi izeneko errekek. Bi erreka hauetako urak Oriara doaz gero. Arkaitz erreka erraustegi ondotik igarotzen da.
Ikusi duten triskantza azaldu digute. Erraustegitik ehunka metro gutxira, lehen bistadizoan, "15 metrotan, 20 arrain hilda, baita 30 zentimetroko aingira bat ere". Gehiago dira ordea, hildako arrainak. Larrialdi zerbitzuetara, 112 telefono zenbakira deitu dute. Bertaratu dira Usurbilgo udaltzainak, Ertzaintza baita. Jazotakoa iruditan jaso dute. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kide batek laginak ere hartu ditu. "Apar pixka bat izaten da erreketan, batzuetan naturala izaten da. Baina gaur besteetan baino apar gehiago zegoen", azaldu digute bizilagunek.
Eta bada gehiago ere. Antza, bizilagunok jakin ahal izan dutenez eta NOAUA!ri adierazi diotenez, teknikari batzuk errausketaren zero gunera hurbildu nahi izan dute, baina ez diete utzi. Albiste honi atxikitako argazkia helarazi digute, antzeko irudi gehiago baita.