Usurbilgo Udala eta Zubietako Herri Batzarra argibide eske

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 11a, 10:00

Larunbatean Zubietako Arkaitz errekan agerturiko arrain eta aingiren heriotza argitzeko ahaleginetan ari dira jada Zubietako Herri Batzarra eta Usurbilgo Udala.

Zubietako Herri Batzarrak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, "gertakizun hau argitzeko harremanetan jarri da Donostiako eta Usurbilgo udalekin. Oso gertutik jarraituko dugu afera hau eta zerbait argitu bezain pronto jakinaraziko dizuegu".

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak berri eman duenez bestalde, "atzo Zubietako bizilagunek egindako salaketari jarraiki, gaur Ingurumen zinegotzia eta biok ingurura bertaratu gara. Hauxe da oraintxe ikusi dugun panorama: aingira eta arrain txiki batzuk hilda eta aparra".

Gertatu dena argitzea eskatzekoa da bihar Udala. "Jakin badakigu atzo bai URAk bai basozainak laginak hartu zituztela eta eurekin harremanetan gaude. Donostiako Udalari eta GHKri bihar bertan isuria argitzeko eskatuko diegu. Usurbil aldeko errexkan, ur lagina eta topatutako arrain hilak hartu ditugu, kutsadura argitzeko asmoz".