Zubietan erraustegitik behera doan Arkaitz errekan larunbatean hilik agerturiko arrain eta aingiren auziarekin, Zubieta gaineko azpiegiturek zerikusirik izan dezaketenik ukatu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). "Gipuzkoako Ingurumen Guneko plantek ez dute ezer isurtzen ubideetara". Bai Tratamendu Mekanikoko Biologikoan, erraustegian, biometanizazio plantan eta eskoriak tratatzeko azpiegituran baliatutako ura zirkuitu itxi batean mugitzen da GHK-ren esanetan. Ur hauek arazketa sistema propioak dituzte, "kanpora ezer isuri beharrik izan gabe".
Eremu horretatik errekara isurtzen duen azpiegitura bakarra euri-uren biltegia da, bildutako euri-urak gainezka egiten duenean.
Ikerketapean
Larunbatean Zubietan izandako gertaera, Artzabaleta inguruko bizilagunek adierazi moduan, URA Uraren Euskal Agentzia ikertzen ari da. "Balizko isuri baten jatorria aztertzeko laginak hartu ditu zonaldean", GHK-k dioenez. Bere oharrean bada nabarmentzeko moduko esaldi bat; GHK-k dio aurrez antzeko egoerak gertatu izan direla eta kasu horietan eginiko ikerlanek argitu dute, isurien jatorriek Zubieta gaineko azpiegiturekin zerikusirik ez dutela izan. "GHK-k guztiz kolaboratuko du eta URA agentziari duen informazio guztia helaraziko dio, gertatu dena guztiz argitzen laguntzeko".