"Gezurra da erraustegiagatik gai kutsakorrak dituen uren isuririk aurreikusten ez duenik, GHK-ren oharrak sinestarazi nahi duen moduan", adierazi du GuraSOSek. Ingurumen baimenak dioena gogorarazi du. "Aparkalekuetatik eta bideetatik datozen eta kutsadura arrastatu dezaketen euri-urak dekantagailu eta koipegabetzeko gailuen sistemaren bidez tratatuak izango dira, Arkaitza ubidera isuri aurretik".
Halaber, ez da egia GuraSOSek aditzera eman duenez, kanpoaldera isuririk ez denik egiten. Ingurumen baimenak Añarbeko araztegira bideratzea aurreikusia du. "Prozesuko fase ezberdinetan sortutako efluenteak guztiz berrerabiliko dira. Efluente hauetatik ez da aurreikusten isuririk izatea. Soilik ur honen deposituko efluente bakarra eragin ahalko du berau mantentzeko lanetan. Kasu horretan, efluentea saneamendu sarera isuriko da (Añarbe Uren kolektorera). Kolektore horretara bideratuko dira baita ur sanitarioak".
Aurrekariak Zabalgarbin
Erraustegiaren eta isuriaren arteko lotura indartzen du GuraSOSek gaineratzen duenez, aurrez Zabalgarbin jazotakoak. GuraSOSek gogorarazi duenez, "2010ean 30.000 eurorekin zigortu zuten urak kutsatzeagatik, hainbat jarduera (galdara labeen garbiketa lanak) egin ostean, horretarako egokituak ez zeuden zonaldeetan, ez baitzeuden inpermeabilizatuak". Isurketa haietan, "hainbat metal astun (artsenikoa), kloruroak eta eroankortasunaren areagotzea antzeman zuten".
GHK-k adierazi duenez, URA Uraren Euskal Agentziaren esku geratu da larunbatean Zubietan jazotakoaren ikerketa lana. Horrek GuraSOSen esanetan, "ez du zoritxarrez inolako bermerik ematen. Irizpide independenteekin zuzenduriko egitura teknikoak behar lukeenak, zuzendari politikodun administrazio baten parte dira".
"Baimena iraungita dago"
GHK-ren oharrak dio, URA-k isurien erantzukizuna erraustegiarena ez dela jabetuko dela, "aurrez antzeko egoerak gertatu izan direnetan bezala". Hitzokin GuraSOSek ondorioztatzen du, "aitortzen ari da, iritzi publikoak ezagutzen ez dituen bestelako gertakariak izan direla, eta antzeko egoeretan". Honen aurrean GuraSOSek galdetzen du, "antzekoak, kasu honetan bezala, arrainak masiboki hiltzeraino? Zergatik ezkutatu dituzte gertaera horiek? Non daude ikerketak? Zeintzuk izan dira erantzuleak?".
Erraustegiaren egungo egoeraz ohartarazten du GuraSOSek. "Egungo ingurumen baimena ez da eraginkorra eta bertan aurreikusiak dauden kontrolak, sinpleki, ez dira aktibatu. Azpiegiturek urtebete daramate probaldian, baimenak gehienez 5 hilabeteko epea aurreikusia duenean eta zazpi hilabete eta erdiz luzatu dutenean. Apirilaren 18an amaitu ziren baimena egokitzeko zuten 48 hilabeteko epea. Honenbestez, baimena iraungita dago".