10 galdera Olano eta Asensiori zuzenduta, erraustegiaren aurkako mugimenduaren partez
1) Erraustegia 2019ko udazkenean martxan jartzeko asmoa zenuten Diputazioak eta GHK-k. Transformadore batekin arazoak zirela eta, atzeratu egin zela esan zenuten. Azken hilabeteetan frogak egiten ari direla esaten duzue, baina hauek ez dira amaitzen. Jakin al daiteke atzerapenaren benetako arrazoia? Egia al da labeetan ezin dutela beharrezko tenperatura lortu? Egia al da tenperatura lortzeko helburuarekin gaikako bilketako paper eta plastikoak erretzen ari zaretela?
2) Tenperatura ez lortzearen hipotesia egia balitz, denek esaten dute tenperatura baxuetan lan eginez gero, dioxinen kantitatea handitu egiten dela. Frogak egiten ari diren tarte honetan, zenbat ordutan neurtu dira dioxinak eta zer emaitza eman dute neurketek?
3) Zenbat hondakin tona erre dituzue dagoeneko, “proba” fasean? Egunean 200 tona hondakin?
4) Zenbat zepa eta errauts tona sortu dira “proba” fasean?
5) Zepa eta errautsa hauekin zer egin duzue? Azterketak egin dituzue? Egin badituzue, zein da hauen arrisku maila? Zabortegi batera bideratu dituzue ala bertan daude?
6) Probetako epe honetan, zer kutsadura maila izaten ari da atmosferara isuria? Zenbat dioxina, zenbat furanoak, zenbat metal astun, zenbat CO2 isuri duzue?
7) Biometanizazio planta martxan daukazue? Hor lortutako gasarekin zer egiten da? (Atmosferara isuri, erre eta energia ez aprobetxatu erre eta energia elektrikoa lortu). Hortik atera al da materia organikorik? Zer egin da honekin?
8) Noiz utziko diozue herritarrak ergelak balira bezala tratatzeari? Zertara dator atmosfera gehiago kutsatzea klima aldaketaren aurkako estrategia bezala saltzea? Lobbyren batek proposatu dizue ideia?
9) Geroz eta gehiago dira kutsadura eta koronabirusaren eragin hilgarria lotzen dituzten ikerketak. Azkena Harvard unibertsitatean egina. AEBetan 3.080 gune ikertu ostean, aurkitu dute lotura bat PM 2,5 (2,5 mikrako diametroa baino txikiagoarekin) maila altuagoak diren lekuetan koronabirusak jende gehiago hiltzen duela. Metro kubikoko kontzentrazioan mikrogramo bakarra igotzeak, heriotz tasa %15 igo duela frogatu dute. Kontzientzia lasai daukazue makina hilgarri hau piztera zoazten agintariok?
10) Noiz erakutsiko duzue zaborraren multinazionalekin gu denon izenean 35 urtetarako sinatu duzuen kontratua? Zer dago hor hain larria ez erakutsi nahi izateko?
Errausketaren Aurkako Mugimendua.