Euskadiko Auzitegi Gorenak konstituzio-kontrakotasuna planteatu zion Espainiako Auzitegi Konstituzionalari eta honek tramitera onartu du. Auzitegi Konstituzionalak elkarteak egiten duen euskal erakundeen ingurumen jardueren gaineko kontrol lanetik alboratzeko saiakeratzat jotzen du erabaki hau GuraSOSek. Zubietako erraustegiaren edota Zaldibarko zabortegiaren inguruan abiarazitako ekimen judizialetik alboratu nahi dutela salatu du GuraSOSek. Erregu helegitea aurkeztu du egunotan.
Orain aurkezturiko erregu helegitearen ondorioz, “Estatuko Fiskaltzak txosten bat kaleratu beharko du”, eta Auzitegi Konstituzionala ere gai honen inguruan adierazi beharko da. GuraSOSek fiskaltzak dagokion independentziaz jokatuko duela espero du, “oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetatuz, bereziki herritarrei tutoretza judizialerako duten eskubidea”.
“Inmunitatea eta inpunitatea bilatzen dute”
Halere, GuraSOSek irizten dio gehiegizkoak direla auzi honetara justizia alorretik bideratzen ari diren baliabideak “GuraSOS bezalako herri txiki bateko herritarren elkartearen ekintza judiziala gerarazteko” izanik.
Gertaerokin GuraSOSek ondorioztatu duenez, “jardun kutsatzaileen sustatzaileak” jotzen dituen euskal erakundeek ez dute herritarren kontrol demokratiko, kritiko eta independentearen pean egon nahi. Are gutxiago baliabide judizialetara heltzea. “Inmunitatea eta inpunitatea bilatzen dute”.
Horregatik, norbere ideologia edo proiektu publikoekiko iritzien gainetik, GuraSOSek eskatzen du, “lehenetsi ditzatela osasun demokratikoa eta oinarrizko eskubideak eta arrazoi gehiagorekin osasuna babesteko eskubidea eta botere publikoen jardunaren gaineko kontrol bermeak, “injustizia nabarmen” honen aurrean.
GuraSOSek erraustegiaren ingurumen baimenaren aurkako helegitea tartekatu zuen 2016. urte amaieran Euskadiko Auzitegi Gorenean. GHK-k, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak alegazioa aurkeztu zuten; aipatu baimenaren aurka jotzeko seme-alaben defentsan egin izanaren legitimazioa kentzea zen haien asmoa. Baina 2018ko irailaren 25ean Euskadiko Auzitegi Gorenak ez zuen aintzakotzat hartu alegazio hau. Igaro den otsailaren 11n kaleratu behar zuen epaia, Zaldibarko hondamendia gertatu eta egun gutxira. Baina biharamunean, Auzitegi Konstituzionalari Euskadiko Auzitegi Gorenak konstituzio-kontrakotasunaren egokitasuna planteatu zuen.
Informazio gehiagorako: blogagurasos.wordpress.com