Duela hilabete pasatxotik, hasieran sarriago, orain igande eguerdiko 12:00etan erraustegiagatik ere alarma egoeran garela salatzeko sirena hotsak pizteko deia egin da. Baita igande honetarako, maiatzaren 16rako ere. Biharko hitzordua ordea berezia izango da; "oraingoan balkoi eta leihoetan haurrek egindako arrainen koloretako marrazkiak zintzilikatu", eskatu dute deitzaileek.
Gogoan izan, duela astebete ehunka arrain hilda agertu zirela Zubietako Arkaitzerrekan. Lehen ikerketek argitu dutenez, erraustegiko eremutik isuritako ezohiko amoniako kopurua antzeman zuten aipatu fauna hilik agertu zen eremuan. Horregatik, biharko alarma piztera deitu dute, "ehunka arrain hilda, ehunka marrazki koloretsu balkoietan" aldarripean.
Balkoi eta leihoak marrazkiekin apaindu eta balkoi eta leihoetara agertzeko deia egin dute. "Ez bagara mugitzen, ez badugu nahiko hotsik egiten, gure etorkizuna erre eta pozoinduko digute!", iragarri dute.