Lanbide Eskolaren online bidezko ate irekien egunak prestatzeko deia

Nork bere datuak eta galderak bidaltzera deitu die ikastetxeak, maiatzaren 23rako eta 27rako Lanbide Eskolak antolatu dituen online bidezko ate irekien jardunaldietan parte hartu nahi dutenei.

Urtero maiatzean, hurrengo ikasturtera begirako matrikulazio kanpainaren aurretik, proiektua eta azpiegiturak aurkezteko ate irekien eguna antolatu ohi du Usurbilgo Lanbide Eskolak. Aurtengoan ordea, covid19-aren ondorioz bizi dugun egoeraren eraginez, online bidez egingo dira saiook. "Ahal bezain laster talde txikietan bisitak antolatzen saiatuko gara", iragarri dute Lanbide Eskolatik.

Aurtengo bi hitzorduak maiatzaren 23an (11:00etan) eta hilaren 27an (18:00etan) izango dira, aipatu moduan online bidez. "Aukeratutako espezialitateko irakasleei galderak egin ahal izango zaizkie". Zehaztu dutenez, larunbat goizeko 11:00etan hasita, "ikastetxeko espezialitate desberdinetako irakasleekin konektatu ahal izango dugu, orrialde honetan jarriko diren loturen bidez, haien azalpenak entzun eta galderak zuzenean egiteko. Ez galdu aukera!". 

Hitzordu hauei begira, norbere datuak eta galderak bidaltzera animatzen dute Lanbide Eskolatik. 

Aurrematrikulazioa ekainean
Ate irekien egunen ondotik, 2020-21 ikasturterako aurrematrikulazio epea zabalduko da, ekainaren 1etik 19ra (bi egunok barne). Komenigarria da data hauek aintzakotzat hartuta, Lanbide Eskolatik gogorarazi moduan, "ezin da matrikula egin, aurrematrikulazioa egin gabe". 

ERDI MAILAKO ZIKLOAK
-Administrazio Kudeaketako Heziketa Zikloa.
-Instalazio elektriko eta automatikoak.
-Mekanizatua.
-Bero sorrera instalakuntzak.
-Goi mailako sarbide ikastaroa.

GOI MAILAKO ZIKLOAK
-Administrazio eta Finantzetako Heziketa Zikloa.
-Automatizazio eta Robotika Industriala.
-Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa.
-Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenuan.
-Efizientzia energetikoa eta eguzki energi termikoa.

Informazio gehiago:
lhusurbil.eus 
943 364 600
eskola@lhusurbil.eus