Hilabete hasieran Zubietako erraustegi azpiko Arkaitzerrekan izandako isuria Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salatu dute hiru elkarteek. "Aipatutako elkarteek ikerketa bat ofizioz hasteko eskatu diote Fiskaltzari, isuria ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelakoan. Izan ere, Zigor Kodearen 325. artikuluak berariaz jasotzen ditu, delitu mota horien artean, uren kalitateari edo animaliei edo landareei funtsezko kalteak edo kalte nabarmenak eragiten dizkieten edo eragin diezazkieketen legez kanpoko isuriak". Gutun hau bidali dute hedabideetara:
Fiskaltzari eskaera
Erraustegiak Arkaitzerrekara egin zuen isuria Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan salatu dute Anerrekak, Zubieta Lantzenek eta Eguzkik.
Aipatutako elkarteek ikerketa bat ofizioz hasteko eskatu diote Fiskaltzari, isuria ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelakoan. Izan ere, Zigor Kodearen 325. artikuluak berariaz jasotzen ditu, delitu mota horien artean, uren kalitateari edo animaliei edo landareei funtsezko kalteak edo kalte nabarmenak eragiten dizkieten edo eragin diezazkieketen legez kanpoko isuriak.
Arkaitzerreka Zubietan dago, Donostia eta Usurbil bitartean. Isuriaren ondorioz, zeharo erreta geratu zen. Gainera, argien kaltetutako arrain-espezieetako bat aingira (Anguilla anguilla) izan zen. Aingiren populazioak biziraupen-muga biologikoen azpitik daudelako, Kontseiluaren 2007ko irailaren 18ko 1100/2007 (EE) Erregelamenduak babesten ditu Europar Batasunaren eremuan. Halaber, aingira, 2009tik, espezie mehatxatuen nazioarteko merkataritzari buruzko CITES Hitzarmenaren II. eranskinean sartuta dago. Gauzak horrela, Fiskaltzan salaketa jarri duten elkarteek uste dute Zigor Kodearen argitan ere badirela arrazoiak pentsatzeko isuriak “funtsezko kalteak” edo “kalte nabarmenak” eragin dituela. Horregatik eskatu dute ikertzeko erraustegiko gunetik eginiko isuri horretan delitua ote dagoen.
Bestalde, Anerrekak, Zubieta Lantzenek eta Eguzkik jendaurrean garbi adierazi nahi dituzte honako hauek:
- Maiatzaren 9an, herritar batzuek errekan arrain asko hilik zegoela ikusi eta salatu egin zuten.
- Maiatzaren 10ean, GHK-k, erraustegiko gunearen arduradunak, isuririk egin izana irmo ukatu zuen ohar baten bidez.
- Maiatzaren 14an, berriz, ukatzen jarraitzerik ez zegoela ikusirik, GHK-k isuria onartu egin zuen. Hori bai, erantzukizuna gainetik kendu eta beste baten bizkarrean utzi nahian, argudiatu zuen ontzi bat amoniako deskargatzen ari zen “kanpoko hornitzaile” batek eragin zuela isuria. Are gehiago, bere burua jendaurrean ez salatuen baizik eta salatzaileen aldean nola edo hala kokatu nahian edo, erraustegiaren kudeaketa esleituta duen enpresari zigor espedientea irekiko ziola iragarri zuen.
- GHKri sinetsi behar badiogu, isuria maiatzaren 7an gertatu zen, baina orduan ez zuen haren berri eman, legez egin behar zuen bezala. Eman izan balu, gainera, beharbada neurri leungarriak hartzeko garaiz iritsiko ziren. Isuriaren berri 9ra arte ez genuen izan, alegia, herritar batzuek Arkaitz erreka ondotik pasa, hildako arrainak ikusi eta salatu zuten arte. Pertsona horiek salatu izan ez balute, ez litzateke inortxo ere enteretuko. Eta, antza denez, horixe gertatu da aurretik egon omen diren beste isuri batzuekin. Beste isuri horien berri GHK-k berak eman zuen, despistatuta edo, maiatzaren 10ean zabaldutako “ukaziozko” oharrean. Izan ere, paragrafo batean honako hau zioen: “Antzeko egoerak gertatu diren aurreko batzuetan, egindako ikerketak baieztatu zuen isurketen jatorria instalazioetatik [erraustegiko gunetik] kanpokoa zela”. Antzeko egoerak? Nolakoak, zehatz-mehatz. Aurreko batzuetan?, noiz, zehatz-mehatz. Beharbada aurreko egoera horien berririk ez dugu izan GHK-k zortea izan duelako eta herritarrek ez dutelako ikusi, maiatzaren 9an ikusi zuten bezala. Eta orduan GHK-k bere kabuz ez zigun kontatuko, jakina.
- Gu seguru gaude GHK-k horrelako gertaerak ahal den neurrian ezkutatzeko edo garrantzia kentzeko borondate sendoa duela. Baina gurekin bat ez datorrenak ere aitortu beharko du Arkaitz errekaren kasuan izan duen jokaerak zerikusi gutxi duela saldu diguten erraustegi makulagabearen ereduarekin, non emisio kutsagarriak, airezkoak zein uretaratakoak, guztiz kontrolpean omen dauden. Ez da hain kontrol zorrotza izango baldin eta maiatzaren 14ra arte ez badute izan astebete lehenago, 7an, gertatutako isuri baten berri. Gainera, salaketa publikorik ezean, beharbada ez ziren inoiz enteratuko (eta enteratuz gero ere, ez ziguten kontatuko, jakina).
Anerreka Ingurumen Elkartea
Zubieta Lantzen Kultur eta Kirol Elkartea
Eguzki Talde Ekologista