Lanbide Eskola ezagutzeko bisita presentziala gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko mai. 27a, 08:05

Online bidezkoa edo telematikoa izan zen joan den larunbaterako, Lanbide Eskola ezagutzeko antolatua zuten bisita. Asteazken honetarako (maiatzak 27) iragarria duten bigarren hitzordua ordea presentziala izango da, eta arratsaldeko 16:00etan. Bertaratu asmo duenak aurrez txanda eskatu beharko du Lanbide Eskolara deituta.

Urtero maiatzean, hurrengo ikasturtera begirako matrikulazio kanpainaren aurretik, proiektua eta azpiegiturak aurkezteko ate irekien jardunaldiak antolatu ohi ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak. Aurtengoan ordea, covid19-aren ondorioz bizi dugun egoeraren eraginez, online bidezkoa izan zen joan den larunbateko lehen hitzordua. "Ahal bezain laster talde txikietan bisitak antolatzen saiatuko gara", iragarri dute Lanbide Eskolatik. 

Eta esandakoa bete dute; asteazkenerako iragarria zuten bigarren saioa bai, presentziala izango da. Maiatzaren 27an, 16:00etan hasita, ordubeteko bisita antolatu du Lanbide Eskolak proiektua eta ikastetxea ezagutzeko. Hitzorduan parte hartu nahi duenak ordea, aurrez txanda eskatu beharko du, ikastetxearen 943 36 46 00 telefono zenbakira deituta.

Aurrematrikulazioa ekainean
Ate irekien egunen ondotik, 2020-21 ikasturterako aurrematrikulazio epea zabalduko da, ekainaren 1etik 19ra (bi egunok barne). Komenigarria da data hauek aintzakotzat hartuta, Lanbide Eskolatik gogorarazi moduan, "ezin da matrikula egin, aurrematrikulazioa egin gabe". 

ERDI MAILAKO ZIKLOAK
-Administrazio Kudeaketako Heziketa Zikloa.
-Instalazio elektriko eta automatikoak.
-Mekanizatua.
-Bero sorrera instalakuntzak.
-Goi mailako sarbide ikastaroa.

GOI MAILAKO ZIKLOAK
-Administrazio eta Finantzetako Heziketa Zikloa.
-Automatizazio eta Robotika Industriala.
-Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa.
-Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenuan.
-Efizientzia energetikoa eta eguzki energi termikoa.

Informazio gehiago:
lhusurbil.eus 
943 364 600
eskola@lhusurbil.eus