Beste behin, erraustegia salatu dute Donostiako Udalaren atarian, "negozio pribatu kutsagarria delako, mila eta bat arrazoi daudelako aurka egoteko, tartean, alderdi errausleek ez dutela sekula serio birziklapena bultzako beren herrietan, halako enpresa multinazionalaren txontxongilo direlako eta erraustegiak beti jana behar duelako".
Donostiako eta Gipuzkoako agintariez (alkate Eneko Goiaz, ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioz eta Ahaldun Nagusi Markel Olanoz) mozorrotuta eta edukiontzi baten bueltan, Gipuzkoako beste udalerri batzuekin alderatuta Donostiako hondakinen kudeaketa kaxkarrak islatzen zituen zabor poltsez inguratuak parodia modukoa egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Ingurumenaren Nazioarteko Egun honetan, hiriburuko udaletxearen atarian.
Gehien sortu, gutxien birziklatu
Herrialdeko biztanleriaren laurdena biltzen duen Donostiak egun, Gipuzkoan pertsonako hondakin gehien sortu eta gutxien birziklatzen duen udalerria izaten segitzen duela salatu dute, "askogatik gainera". Mugimenduaren esanetan, "lo-tsa-ga-rri-a. Non eta klima aldaketaren aurka dagoela esan eta erraustegi bat eraiki berri duen hirian. Ez da oso azkarra izan behar ulertzeko zergatik agintariek ez duten indarrik jartzen herritarrek hobeto bereiz ditzaten hondakinak".
Usurbilen gaikako bilketa ia %90ekoa da, Donostian %42an dabiltza. "Oso gutxi da", Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren esanetan.
Ezagutzera eman dituzten datuekin, arduragabetzat jo dituzte Donostiako eta Gipuzkoako agintariak. "Arduragabe ziniko hutsak zarete Eneko Goia, Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio".
Hondakinen bilketa datuak plazaratzearekin batera, "hondakinaren kalitatearen bilakaera markatuko duen karakterizazio bat egin eta horren emaitza argitaratzea" eskatu dute, "zertan eta zenbat daukagun hobetzeko jakiteko, beharrezko datua baita".
2019
Gipuzkoa
-138.000 tona erreus bailiran jasoak, haietatik %80a, 110.000 tona birziklagarriak zirenean. Benetako errefus kopurua, 28.000 tona, bildutako guztiaren %20a.
-2015-2019 artean, bildutako organiko kopurua %40 hazi da.
Donostia
-%42ko gaikako bilketa.
-Errefusaren edukiontzian 54.000 tona hondakin bilduak, Gipuzkoa osoko %40a.
-Errefusaren edukiontzian pertsonako 288 kilo bildu zituzten, Gipuzkoan bataz bestekoa 186 kilo direnean.
-Pandemia garaian, 31 kilo organiko bildu dute pertsonako. Gipuzkoako bataz bestekoa, 77 kilokoa da (sortutakoaren %47a soilik).
-Biztanleko eta urteko bataz beste 100 kilo organiko botatzen ari da pertsona bakoitza errefusaren edukiontzira.
-2015-2019 artean, bildutako organiko kopurua %6 hazi da.
"Bi abiadurako Gipuzkoa"
-Jendetsuenak diren San Marko, Txingudi eta Debabarrena mankomunitateetan %50eko gaikako bilketa dute.
-Debagoiena, Sasieta, Tolosaldea, Urola Kosta eta Urola Erdia mankomunitateetan %70etik gorako gaikako bilketa.
-Debagoienan 86 kilo erreus sortzen dute pertsonako eta urteko. San Markon 232 kilo.
-66 udalerrik eta 234.000 biztanleek, Gipuzkoa osoko %32a, hondakinen %70etik gora ari dira gaika biltzen.
-59 udalerri (tartean, 1.000 biztanle baino gutxiagoko 26 udalerri) urteko eta biztanleko 100 kilo errefusa baino gutxiago sortzen ari dira.
-26 udalerrietan bio-hondakinak konpostatzen dituzte.
-2009-2019 artean, 100.000 tona (238.000tik 138.000ra) murriztu da errefus kopurua, hondakinen bilketa eraginkorrak abian jarri dituzten udalerriei esker.
-2015-19 legealdian:
1-Gaikako bilketa ez dute hobetu udalerri jendetsuenek; Donostia, Irun, Hondarribia, Lasarte-Oria...
2-Gaikako bilketa okertu dute, gobernu aldaketarekin atez atekoa kendu eta edukiontzietara itzuli dira beste batzuk; Astigarraga, Pasaia, Lezo.
3-Gaikako bilketaren emaitzak hobetu dituzte, borondatezko edukiontzien sistema orokortu eta txipdun organiko eta errefus edukiontziak jarri dituztenek: Orereta, Eibar, Zarautz, Azpeitia, Andoain, Beasain, Zumarraga, Urretxu, Urnieta eta Mutriku.
Informazio gehiago, erraustuez.org atarian.