Koronabirusa

Zubietako herri jaiak ere bertan behera

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 16a, 14:42

Hainbat bilera eta hausnarketa saioren ostean, "Zubietako 2020ko herri jaiak ez antolatzea" erabaki dute Zubietako Jai Batzordeak eta Zubietako Herri Batzarrak, NOAUA!-ra helarazi duten oharrean. Erabaki hau hartzea ez dela erraza izan nabarmentzen dute, "baina datorren urteko festak ilusio eta gogo handiagoz hartzea egingo du". 

Horrekin batera, herri jairik ospatu ez arren, "herritar talderen batek zerbait antolatzeko irrika izan badezake", Jai Batzordearekin eta Herri Batzarrarekin hartuemanetan jartzera deitu dute.

Hemen duzue osorik, Zubietako aipatu bi eragileek NOAUA!-ra igorri duten oharra:

ZUBIETAKO HERRI JAIAK BERTAN BEHERA
Osasun krisialdi baten erdian aurkitzen gara. Une zail eta ezegonkorrak bizi ditugu, krisiak zuzenki eragin baitie gizartea antolatzeko eta harremantzeko moduei. Hala, azken asteetan, segurtasun- eta higiene-neurri zorrotzekin bizi gara.

Herriko festak herritarrok elkartzeko eta une atseginak igarotzeko baliatzen ditugu, baita bertatik bertara kultur ekitaldiez gozatzeko ere. Aurtengoak ezin lirateke izan orain arte ezagututako herriko jaiak, hau da, ezingo genituzke nahi bezala ospatu. Egoera honetan, eta hainbat bilera eta eztabaida izan ostean, erabaki garrantzitsua hartu behar izan dugu:Zubietako 2020ko herri jaiak ez antolatzea.

Irtenbideren bat topatu nahian, aukera ezberdinak aztertzen aritu gara: besteak beste, kultur ekitaldiren bat antolatzeko aukera, Usurbilgo Udalak landu duen Ekimen Kulturalak burutzeko Protokoloa baliatuz. Zerbait antolatzekotan, irudimena eta sormena funtsezko izango baitira.

Hala eta guztiz ere, herritar guztion segurtasuna bermatze aldera eta jaien egitaraua osatzen ari ginenon indarrak baloratu ostean, jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan dugu, pena handiz.

Herritar talderen batek zerbait antolatzeko irrika izan badezake, jar dadila gurekin harremanetan esku artean izan ditugun aukerez aritzeko.

Ez da erabaki erraza izan, baina datorren urteko festak ilusio eta gogo handiagoz hartzea egingo du, desio ditugun ospakizunez gozatzeko.

Besterik gabe, zaindu elkar eta jaso besarkada bana.

Zubietako Jai Batzordea
Zubietako Herri Batzarra