EHBilduk foru ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiori eginiko interpelazioan, GHK-ren lehendakariak emakidadun enpresa taldeari egotzi dio erraustegi ondotik igarotzen den errekako ezbeharra. Kontrol publikoa egon dela eta gardentasun osoz jokatu dutela erantzun dio EHBilduri.
Asensioren adierazpenak entzunda, aurrez salatutakoa ekarri du gogora EHBilduk. "Behin eta berriz salatu du Zubietako errauskailuan gertatzen denaren inguruko informazio eza eta iluntasuna". Asensioren hitzen ostean ildo beretik mintzatu da Estitxu Elduaien EHBilduren batzarkidea. "Ez dugu ulertzen zergatik esan zenuen maiatzaren 11n isuriak ez zuela izan erraustegiarekin zerikusirik, zeuk esan baituzu maiatzaren 11n hain justu GHK-k espedientea ireki zuela eta handik egun gutxira bertako zisterna batek eragin zuela. Zergatik esan zenuen maiatzaren 11n ez zuela izan zerikusirik egun bertan espedientea ireki baldin bazen?".
"Kontrol publiko ezak bere arriskuak ditu"
Arkaitzerrekan gertaturikoak berriz ere agerian uzten du EHBilduren esanetan, "hondakinen kudeaketaren inguruan, kontrol publiko ezak badituela bere arriskuak. Beste behin ikusten dugulako zeuk aipatu bezala arau hauste larriak egon direla azpikontratatutako enpresa baten inguruan".
EHBilduren esanetan, "opakotasunak eta informazio kontraesankorrek ez diete ezertan laguntzen demokraziari, eta are gutxiago ingurumenari", Estitxu Elduaien EHBilduren batzarkidearen esanetan.
Ohartarazi nahi izan duenez, "inguruko herritarren eta Gipuzkoa osoaren osasuna dago jokoan. Amoniako isuri honekin eta aurretik transformagailuan izandako leherketarekin, argi geratu da Zubietako plantak arriskuan jartzen dituela bai bata eta bai bestea. Eta gogoratu oraindik frogaldi epean dagoela erraustegia".
GHK-ren lehendakariak arau hausteez ohartarazi eta neurri zuzentzaileak aplikatzeko eskaeren aurrean, enpresa taldeak alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea du. Ondorioen jarraipena egin asmo du EHBilduk.