Gipuzkoarren arteko errebote txapelketaren hasiera larunbatean Zubietan

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 26a, 08:05

"Deseskalatze" prozesua amaituta, kirol jarduerak bueltan ditugu. Konfinamendu osteko lehen errebote neurketa antolatu dute larunbat honetarako (ekainak 27) Zubietan.

Gipuzkoarren arteko errebote txapelketa hastera doa, larunbat honetan (ekainak 27) jokatuko den lehen neurketarekin. Goizeko 11:00etan hasita Zubieta eta Oiartzungo Txost taldearen arteko neurketa iragarri du Zubieta Pilota Elkarteak, sare sozialen bidez. "Normalidade berriarekin, errebotea ere bueltan dugu", iragarri dute. Neurketa hau ikustera joatera animatu dute. "Azaldu plazara", luzatu dute gonbita.

Aginagako pilota jaialdirako sarrerak salgai
Abiatu berri den Masters Caixabank binakako eskupilota txapelketako bigarren jardunaldia Aginagan ospatuko da uztailaren 5ean. Lehiakideetako bat gainera aginagarra izango da; maila profesionalean lehiatzen bi urte bete berri dituen Aitor Aranguren Errasti.

Bi neurketa iragarri dira hilaren 5ean arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Aitor Aranguren Errastik bigarrena jokatuko du, eskuz binakako txapelketan talde kide duen Ezkurdiarekin batera. Jaka-Albisu izango dituzte aurrez aurre. Partida hau baino lehen, eskuz binakako beste neurketa bat ospatuko da:
Alberdi-Urretabizkaia
Egiguren V-Garmendia

Uztailaren 5eko pilota jaialdirako sarrerak salgai jarri ditu antolakuntzak Arrate tabernan. Online ere eskuratu ahalko dira entradasfronton.com atarian. Informazio gehiagorako: 943 820 406 edo aspepelota.eus