Kultur Bira

Aginagatik Zubietara jauzi egingo du gaur Kultur Birak, bertsolarien eskutik

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 25a, 12:52

Ohiko jairik ez aurten Zubietan, baina Kultur Birak bizi dugun osasun krisialdira egokituriko ospakizun giroa eramango du bertara larunbat honetan 19:00etan plazan ospatuko duten bertso saioarekin. Bihar ordu eta leku berean, Tio Teronen Semeen "Freshcool" dantza ikuskizuna. Ekitaldiotarako sarrerak eskuratzeko izen ematea itxita dago jada.

Uztailak 25 ditu gaur, "Santio Eguna". Izatez, Zubietako festetako egun seinalatuetako bat. Bizi dugun osasun krisialdiak ordea, aurreko urteetako jai eredua etenarazi du. Baina bada alternatibarik, herri eragileen arteko elkarlanari esker. Uztaila hasieratik abian den Kultur Birak Zubietara jauzi egingo du asteburu honetan, bertan antolatu dituzten bertso eta dantza saio banarekin. Hasteko gaur 19:00etan punta-puntako bertsolarien emanaldia, Maialen Arzallus, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu eta Mantxirekin. Zubietako Zortzitan bertso eskolako kideak ariko dira gai jartzaile lanetan.

Aginagako Eliza Zaharraren atarian, Odolaren Mintzoa herriko taldeak bart eskainitako kontzertuaren ondotik datoz Zubietako hitzorduok.

KULTUR BIRA
UZTAILAK 25, LARUNBATA
19:00 Bertso saioa Zubietako plazan.
Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Arzallus, Jexux Mari Irazu eta Mantxi.
Gai jartzailea: ZORTZITAN Bertso Eskola.
Edukiera: 50 lagun.

UZTAILAK 26, IGANDEA
19:00 Tio Teronen Semeak dantza-taldearen "Freshcool" ikuskizuna Zubietako plazan.
Zehaztasunak: "Umorez betetako ikuskizun dantzatua, orain arte inoiz ikusi ez den bezala. Koadrilakoekin gelditzeko eguna da, herriko plazan trago bat hartu, dauden berriak kontatu eta ordu batzuetan errutinatik ihes egiteko egun aproposa da gaurkoa. Lagun arteko konplizitateak, adar jotzeak eta harrotasunezko apustuak azalduko dira. Orduak pasa ahala, eta ligatzeko esperantza inoiz galdu gabe, iluntasunak gure gorputzak aktibatuko ditu. Gau osoan zehar leku eta egoera egoki baten bila ibiliko gara gure ilusioak egi bihurtzeko esperantzaz. Hau lortzea ikusleen esku egongo da, ordea…".
Edukiera: 50 lagun.

UZTAILAK 31, OSTIRALA
20:00 Kontzertua Agiñako Eliza Zarraren kanpoan: Dalton Anaiak
“Elektropapo elektrotxarangako kideen proposamen akustikoa dugu Dalton Anaiak izeneko proiektu berria”.
Sarrera: herritar bakoitzak bi sarrera eskuratu ahal izango ditu, gehienez. Sarrerak eskuratzeko uztailaren 29ra arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik. 
Edukiera: 50 lagun.


ABUZTUAK 2, IGANDEA
20:00 Loreto Fernandez Imaz organo jolearen eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoaren emanaldia Salbatore Elizan.
Zehaztasunak: "Couperin, Fauré, Messiaen, Guridi, Sorozabal eta abarren obra".
Sarrera: sarrerak eskuratzeko uztailaren 30era arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Edukiera: 95 lagun.


ABUZTUAK 9, IGANDEA
20:00 Pablo Mezzelani (instrumentu multietnikoak), Pedro Aguinaga (biolina) eta Loreto Aramendi (órgano) hirukotearen emanaldia Salbatore Elizan.

Zehaztasunak: "Franck, Duruflé, Liszt eta “Vientos y Piedras” (Armenia, Bolivia, Afganistan, Argentina, Txina, eta beste hainbat lekutako pieza tradizionalak)".
Sarrera: sarrerak eskuratzeko abuztuaren 7ra arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Edukiera: 95 lagun.

Oharrak:
-Sarrerak aurrez eskuragarri usurbilkultura.eus webgunean.

Informazio gehiagorako:
943 371 999
usurbilkultura.eus

Antolatzaileak: Jexux Artze K.E., Agiñako Eliza Zarra herri elkargunea, San Estebango Jai Batzordea, Herriko Artixtak, Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea, Santueneko Jai Batzordea, Xauxar Txosna Batzordea, Atxegaldeko Jai Batzordea, Usurbilgo Jai Batzordea, Usurbilgo Udala.