Kultur Bira

Kultur Bira, Zubietako herri jaien ordezko eta pizgarria

Zubietako iazko herri jaietako irudia.

Uztailak 25, Zubietak jai giro betean egon behar zuten egunotan, baina dakizuenez urteroko Herri Jaiak bertan behera uztea erabaki zuten duela hilabete pasatxo, NOAUA!ra helarazi zuten gutunean. Egunotan beraz ez da aurreko urteetako ohiko ospakizunik izango. Osasun krisialdira egokitutako Kultur Biraren bi hitzordu soilik, asteburu honetan.

Hainbat bilera eta hausnarketa saioren ostean, "Zubietako 2020ko herri jaiak ez antolatzea" erabaki zuten Zubietako Jai Batzordeak eta Zubietako Herri Batzarrak, ekaina erdialdean NOAUA!-ra helarazi zuten oharrean. Erabaki hau hartzea ez zela erraza izan nabarmentzen zuten, "baina datorren urteko festak ilusio eta gogo handiagoz hartzea egingo du". 

Horrekin batera, herri jairik ospatu ez arren, "herritar talderen batek zerbait antolatzeko irrika izan badezake", Jai Batzordearekin eta Herri Batzarrarekin hartuemanetan jartzera deitu zuten. Horren erakusle, Kultur Biraren baitan asteburu honetan ospatuko diren bi ekitaldiak. Gainerakoan ez da festarik izango Zubietan.

Hemen duzue osorik, Zubietako aipatu bi eragileek duela hilabete NOAUA!-ra igorri zuten oharra:

ZUBIETAKO HERRI JAIAK BERTAN BEHERA
Osasun krisialdi baten erdian aurkitzen gara. Une zail eta ezegonkorrak bizi ditugu, krisiak zuzenki eragin baitie gizartea antolatzeko eta harremantzeko moduei. Hala, azken asteetan, segurtasun- eta higiene-neurri zorrotzekin bizi gara.

Herriko festak herritarrok elkartzeko eta une atseginak igarotzeko baliatzen ditugu, baita bertatik bertara kultur ekitaldiez gozatzeko ere. Aurtengoak ezin lirateke izan orain arte ezagututako herriko jaiak, hau da, ezingo genituzke nahi bezala ospatu. Egoera honetan, eta hainbat bilera eta eztabaida izan ostean, erabaki garrantzitsua hartu behar izan dugu:Zubietako 2020ko herri jaiak ez antolatzea.

Irtenbideren bat topatu nahian, aukera ezberdinak aztertzen aritu gara: besteak beste, kultur ekitaldiren bat antolatzeko aukera, Usurbilgo Udalak landu duen Ekimen Kulturalak burutzeko Protokoloa baliatuz. Zerbait antolatzekotan, irudimena eta sormena funtsezko izango baitira.

Hala eta guztiz ere, herritar guztion segurtasuna bermatze aldera eta jaien egitaraua osatzen ari ginenon indarrak baloratu ostean, jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan dugu, pena handiz.

Herritar talderen batek zerbait antolatzeko irrika izan badezake, jar dadila gurekin harremanetan esku artean izan ditugun aukerez aritzeko.

Ez da erabaki erraza izan, baina datorren urteko festak ilusio eta gogo handiagoz hartzea egingo du, desio ditugun ospakizunez gozatzeko.

Besterik gabe, zaindu elkar eta jaso besarkada bana.

Zubietako Jai Batzordea
Zubietako Herri Batzarra