Ohiko testuinguruan festa giro betean izango zen gaur Zubieta. Aurten ez da halakorik noski, covid19-ak eraginda bizitzen ari garen ezohiko egoera honengatik. Baina egunotan ospatuko ziren herri jaiei keinu bat baino gehiago egin diete, larunbat arratsalde honetan plazan ospatu duten bertso saioarekin.
Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi" laukotea gonbidatu du hitzordura, Kultur Biraren antolakuntzak. Usurbilen, Aginagan edota Santuenean egin bezala, Zubieta ere, dinamika honetara batu da asteburu honetan. Zenbait zubietar herritar eta eragileek bat egin dute, lehendik ere zailtasunak izan eta pandemia honek are gehiago prekarizatu duen sorkuntza munduan dabiltzan lagunei plaza bat eskaini eta jairik gabe geratu diren herritarrei egungo egoerara egokitutako kultur eskaintza erakargarria luzatzea xede duen dinamikarekin.
Eta gaurko bertso saioa horren erakusle izan da. Gai jartzaile lanetan, astero zubietar zaletu talde bat biltzen duen Zortzitan bertso eskolakoak aritu dira. Haien esanetara, Zubietako jaiei, Kultur Birari berari edota denon ahotan dabilen koronabirusari abestu diote bertsolariek.