Mugikortasun modu berrietan erreferente bilakatzeko asmoz, Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa (MUBIL) martxan jarriko dute, Tolosako Usabal industriagunean kokatuko den behin behineko egoitzan. Urte amaieran, abenduan ireki asmo dute, gunea egokitzeko lanetan dira egun.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektua "lurraldearen etorkizuneko erronkak" identifikatzeko Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan kokatu beharra dago. "Marko honetan, lan lerroetako bat Gipuzkoaren espezializazio adimentsua indartzea da, eta mugikortasun modu berriak dira mahai gaineratu dugun apustuetako bat”, Aldundiaren esanetan. Lau lan ardatz ditu iazko apirilean osatu zen fundazioak: "azpiegitura teknologiko indartsua, ekintzailetasuna sustatzea, ezagutza sortu eta kudeatzea eta esperimentazioaren bitartez Gipuzkoa laborategi erraldoian bihurtzea”.
Lursaila erosia
Datorren eraldaketa garaian, Gipuzkoa "ondo kokatu eta posizionatzea" dute erronka nagusia. Momentuz, behin-behinean Tolosako Usabal industriagunean kokatuko da MUBIL. Baina behin betiko etorkizunean, Zubieta gainean; Eskuzaitzeta lur eremuan. "Lursaila erosita dago, eta uztailean onartu zuen Aldundiak eraikin fisikoaren proiektuaren erredakzioaren lizitazioa", berri eman dute Aldunditik.
10.000 metroko lur eremua erreserbatu dute "MUBIL-en eraikinarentzako, eta beste 40.000 metro gorde dira inguruan, mugikortasun berriaren arloko eragileak erakarri eta esparru honetako polo garrantzitsua eratzeko".
Urte amaieran Usabalen irekiko duten laborategi eta baliabideez gain, "bigarren laborategi bat ere kokatuko da bertan, mugikortasun berriaren inguruan arituko dena: power train, hidrogenoa…".