Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegia geratzeko giza kate mugikorra deitu dute iganderako Kontxan

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, eragile anitzekin deitu dute urtero Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian antolatu izan duen mobilizazioa. Aurten ordea, bizi dugun osasun krisialdira egokituta; igande goizeko 11:00etara aurreratu dute hitzordua Alderdi Ederren. Giza katea mugikorra izango da, hondartzan geldialdirik egin gabe. Probaldi epean den Zubietako erraustegia laster behin betiko martxan jarri asmo dutela ohartarazi dute deitzaileek, mobilizazioa aurkezteko asteazken goiz honetan Donostian egin duten agerraldian. "Zoritxarrez laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoinak inguruan zabaltzen ari direla". Egoera honetan, denon ahaleginarekin erraustegia gelditzera deitu dute.

Aurten ere Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia, urte luzez gertatu bezala, mobilizazio eguna izango da Donostian. Herrian hainbat tokitan dauden kartelak ikusi badituzue jakinaren gainean izango zarete; Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eragile anitzekin batera, Zubietako erraustegia geratzeko giza katea deitu dute igandean (irailak 13) Donostian, "errausketarik ez! Donostia zaborretan itota" aldarripean.

Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, aurreko urteetan baino ordu erdi lehenago, goizeko 11:00etan Alderdi Ederretik, parte hartzaileen arteko segurtasun distantzia bermatuta eta bidean gelditu gabe. Aurtengo giza katea mugikorra izango da hasieratik amaierara, Kontxako hondartzan geldialdirik egin gabe. 

EHBildu, Equo, Ezker Anitza, Alternatiba, ELA, LAB, Eguzki eta Ekologistak Martxan eragileek bat egin dute igandeko mobilizazioarekin. Antolatzaileek asteazken honetan egin dute mobilizazioaren nondik norakoak aurkezteko agerraldia, giza katea egingo den eremu berean, Donostiako Kontxan. Segidan duzue osorik, plazaratu duten adierazpena:

DENON AHALEGINEZ ERRAUSTEGIA GELDITU
2020ko irailera heldu gara, Donostiako erraustegia eraikita dago, azken hilabeteetan frogak egiten (zaborra erretzen) ari dira eta epe laburrean behin betiko martxan jarri asmo dute urte askotan instalazio hau bultzatu duten talde politiko (PNV, PSE), Foru Aldundi, GHK eta enpresek (Urbaser, Murias, LKS, Altuna y Uria...). Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan eta zoritxarrez laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoinak inguruan zabaltzen ari direla.

Bitartean baita ere urte askotan errausketaren aurka eta hondakinen kudeaketa arrazional baten alde ari garenok borrokan jarraitzen eta jarraituko dugu, askotan esan bezala badagoelako errausketa baino osasuntsuagoa, ekologikoagoa eta merkeagoa den alternatiba.

Alternatiba hau Gipuzkoako herri gehienetan martxan jarri da eta honen ondorioz 2009-2019 tartean hiri hondakinetako errefus kopurua 100.000 tona/urteko murriztu da (238.000 tona 2009an, 138.000 tona 2019an), hau da %42 gutxiago. Herri hauetan %60a eta %85a bitartean gaika biltzen ari dira, eta askotan biztanleko urtean 100kg errefus baino gutxiago sortzen dute. Pauso garrantzitsuak eman dituzte baina hobetzen jarraitu behar dute.

Beste alde batetik badira Gipuzkoan herri gutxi batzuk, baina biztanle asko dutenak, azken urteetan ezer gutxi edo ezer egin ez dutenak hondakinen gaikako bilketa hobetze aldera. Irun, Hondarribia, Lasarte, Elgoibar... eta guztien buru Donostia. Herri hauetan %40a eta %50a artean biltzen dute gaika eta 200 kg baino errefus gehiago sortzen dute biztanleko urtean. Herri hauek Gipuzkoako biztanleen erdia dira eta errefusaren hiru laurdenak baino gehiago sortzen dute. Premiazkoa da herri hauetako Udalek bilketa sistemaren aldaketa egitea eta eraginkorra den modua ezartzea.

Donostiaren kasua benetan esanguratsua da: 2019an biztanleko 288kg errefus sortu dira, Gipuzkoako kantitaterik handiena eta azken bost urteetan ez da inolako hobekuntzarik egon. Donostiak bakarrik 2019an 53.000 tona errefus sortu ditu, erraustegiaren labe batek erre dezakeenaren erdia baino gehiago; Donostia da erraustegiaren erregai-hornitzaile nagusia. Eta Udalak ez du inolako asmorik egoera hau aldatzeko; ez zaio axola Gipuzkoako zabor txapeldun izatea; ez zaio axola 2020rako Europak agindutako %50eko gaikako bilketatik 8 puntu beherago egotea; ez zaio axola edukiontzi grisera doanaren hiru laurden birziklagarri izatea; ez zaio axola Donostian biltzen den materia organiko kantitatea Gipuzkoako bataz bestekoaren erdia baino gutxiago izatea.

Egoera honen aurrean, Errausketaren Aurkako Mugimenduak dei egiten du irailaren 13an goizeko 11:00etan Alderdi Ederren (Donostiako udaletxe aurrean) hasiko den giza katean parte hartzera. Aurreko urteetan ez bezala, oraingoan giza katea hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik abiatu den lekura itzuliko da, bidean geldialdirik egin gabe eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantenduz.

Goia, Ramos entzun: birziklapena bai, errausketarik ez. Zuen negozioak ingurumena eta osasuna kaltetzen du. Zuen zaborrak planeta hondatzen du.

Errausketaren Aurkako Mugimendua, EHBildu, Equo, Ezker Anitza, Alternatiba, ELA, LAB, Eguzki, Ekologistak Martxan.