Sagardoak Elkartzen Gaitu

Ostalaritza guneetan Euskal Sagardoa dastatuz, sariak irabazteko aukera

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 10a, 08:37

Gipuzkoako Sagardogile eta Ostalaritza elkarteek bat egin dute Euskal Sagardoa sustatzeko. Edari preziatu honi lotutako plazako hainbat ekitaldi antolatu ezin diren honetan, sagardo egarria dastatzeko ekimen berria abiarazi dute hainbat taberna eta jatetxeetan, udako hainbat ekimenekin egin duten moduan, "Sagardoak Elkartzen Gaitu" aldarripean.

Bizi dugun osasun krisialdiaren eraginez hilabeteotan ohiko hainbat hitzordu (Donostiako Sagardo Eguna, Ordiziakoa, Euskal Herriko Txapelketa Herrikoia...) ospatu ezin direla kontuan izanik eta Gipuzkoako Ostalaritza eta Sagardogileen Elkarteen urteetako lankidetzatik iraila osoan zehar martxan izango den egitasmo berri bat abiarazi dute; sagardoak elkartuko gaituen ekimen berri bat. "Bezeroek aukera izango dute hilabete honetan zehar parte hartzen duten taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardoa Jatorri Deitura botilaz gozatzean sariak eskuratzeko", iragarri dute kanpaina berri honen sustatzaileek.

40 dira egitasmo honekin bat egin duten Gipuzkoako txoko ezberdinetako taberna eta jatetxeak. Tartean, Usurbilgo bi; Txiriboga taberna eta Patri jatetxea. Ekimenean parte hartzeko egin beharrekoa oso erraza da; Euskal Sagardoa Jatorri Deituradun sagardo botila eskatu aipatu ostalaritza guneetan. Trukean, txarteltxo batzuk jasoko dituzu. "Txartel horietan saririk baden begiratu beharko dute lehenengo, eta edozein kasutan, saritua bada edo ez bada, beren emaila utzi eta kutxan sartuta bezero guztiek asoko dute sari edo opari bat beren emailean. Oparien artean daude ice bagak, kamisetak, edalontziak, deskontu baleak, kortxo kentzekoak, esperientziak, sagardoa dastatzeko kopak…".

Plazatik ostalaritza guneetara
Sagardoaren bueltan plazan ospatu izan diren hainbat ekitaldi covid19-a tarteko egin ezin direnez, sagardoak elkartzen jarraitzeko jarri dute ekimen berri hau. Sagardo zaletasuna asetzeko ostalaritza guneetara eraman dira. "Hala, sagardoaren irrika berreskuratzen dugu, gure establezimenduek eskaintza bereziak egin ditzakete eta bezeroek aukera polit bat izan dezakete sagardo botila berriak dastatu eta ezagutzeko". Eta Euskal Sagardoa sustatzeko.

Ezohiko udazkenaren atarian dira ostalaritza guneak eta sagardogintzarena. "Sagardotegiak momentu honetan egungo segurtasun irizpideak jarraituz ari dira kanpaina hasiera prestatzen. Sagar bilketa lanak hasi dituzte batzuk eta iraila erdialde/bukaeran hasiko dituzte gainerakoek. Sagastiak garbitu eta hornitzaileak hasiko dira sagarra ekartzen. Hauek garbitu, jo eta tolarean zanpatuko dira. Ziklo bakoitzaren ondoren ateratzen den muztioa joango da kupeletara, irakinaldia has dadin.  Hala, urtarrila aldera dastatu ahal izango dugu txotxean, 2020ko uzta berria eta udaberritik aurrera izango dira botilan 2020ko uztako lehen Euskal Sagardoak". 

Sagardoa ekoizten hastekoak diren garai honetan, "aurtengo uzta iazkoa baino txikiago espero dugu kopuruz, baina kalitate handikoa".


SAGARDOAK ELKARTZEN GAITU
Epea: irailaren 26ra arte.

Egin beharrekoa:
1-Euskal Sagardoa Jatorri Deituradun sagardo botila eskatu.
2-Tabernariak boletoak emango dizkizu.
3-Begiratu ea saririk baduen.
4-Idatzi zure helbide elektronikoa eta sartu kutxan.

Egitasmoarekin  bat egin duten ostalaritza guneak:
Txiriboga taberna
Patri jatetxea

Inguruko udalerrietako taberna eta jatetxeen zerrenda osoa hemen: Sagardoak Elkartzen Gaitu